Planetak argiak itzaliko ditu aldaketa klimatikoaren aurka
Larunbat honetan izango da La Hora del Planeta kanpaina, ingurumenarekin lotutako munduko ekimenik handiena. Dozenaka herrialde, milaka hiri eta milioika pertsonak bat egiten dute urtez urte WWF Munduko Natura Funtsak antolatutako kanpainarekin, eta Ermuak aurtengoan ere ez du hutsik egingo.
Ordubetez, 20:30etik 21:30era, itzalaldia egingo da mundu osoan, klima aldaketaren aurkako aldarrikapen modura. Kanpainaren helburu nagusia etorkizunerako bide berri bat hastearen garrantziaz eta presaz kontzientziatzea eta klimaren aldeko mezu argia zabaltzea da. Hori dela eta, 2016ko La Hora del Planetaren leloa “Itzali argia eta aldatu klimaren alde” da.
Ekimena administrazio publikoari, ikastetxeei, elkarteei, entitateei, enpresei edota hiritarrei zuzenduta dago. 2015eko edizioan, 172 herrialdek egin zuten bat kanpainarekin: mundu guztiko 10.000 hiri, mila milioi pertsona eta milaka enpresa.
Ermuko Udalak aurten ere bat egin du kanpainarekin. Larunbat honetan, 20:30etik 21:30era, Orbe Kardinala plazako argiak eta Udaletxeko, Lobiano jauregiko, Teresa Murga eraikineko eta Ermua Antzokiko argi apaingarriak itzaliko dira. Gainera, herritar guztiei parte hartzeko gonbita luzatu zaie, energia aurrezteko keinu polit hori egin dezaten.
Bizkaian, gure herriaz gain, Bilbok, Muskizek, Portugaletek eta Getxok ere hainbat leku publikotan argiak itzaliko dituztela hitz eman dute. Bestalde, Museo Guggenheim Bilbao, Eroski Fundazioa, Laboral Kutxa edota Gorabide –Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkartea– enpresa eta erakundeek ere bat egin dute La Hora del Planetarekin.
Guztiok batera klima aldaketari aurre egiteko gai gara. Iritsi da unea.
Lerro hauen ostean, kanpainaren promozio bideoa ikusi dezakezue:
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko