Iritsi da apirileko zine programazioa Ermua Antzokira
Asteburu honetan zinez betetako hilabete berri bati ekingo diogu Ermuan. Hilero bezala, programazioa hautatzen duten elkarteak eta Kultura Saila Estatu Batuetako, Europako eta Espainiako zinerik onena uztartzen saiatu dira, zine komertziala eta independentea kontuan izanda, beti kalitateari lehentasuna emanda.
Apirilean, zine komertzialeko saioetan 10 pelikula ezberdin ikusteko aukera izango da, Hollywoodeko filmik onenetatik hasi eta zine independentera. Ostegunetako zineklub saioetan lau pelikula eskainiko dira, eta haurrentzako programazioa ere ez da atzera gelditzen, etxeko txikienek bost film ikusteko parada izango baitute.
Hilero bezala, salgai dago hileko bonoa. Horri esker, zine komertzialeko eta zineklubeko saio guztietara joateko aukera izango da, saioko 1,2 euro soilik ordainduta. Oraingoan, bonoak 16,8 euroko salneurria izango du, eta Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokiko leihatilan eskuratu ahalko da.
Apirileko zine programazioarekin hasi aurretik, bihar, osteguna, martxoko azken zineklub saioa izango da. Hilari amaiera emateko, Stéphane Brizé zuzendariaren La ley del mercado film frantziarra emitituko da. Vincent Lindon aktorea du protagonista, eta César sarietan eta Cannesen aktore onenaren saria eskuratu du film honi esker. 20 hilabete langabezian egon ostean, 51 urterekin lana aurkitu du Thierryk, baina edozer egiteko prest al dago postua mantentzeko? Egunean dagoen gaia lantzen du filmak, eta jende askok igaro duen une okerraren inguruan gogoeta egitera bultzatzen ditu ikus-entzuleak. “La ley del mercado” 20:30ean eskainiko da, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertzialari dagokionez, programazioa larunbatean 19:30ean hasiko da Primavera en Normandia filmaren lehen emanaldiarekin. Anne Fontainek zuzendutako amodiozko komedia honetan, Martin Madame Bovaryrekin itsututa dagoen paristar diruduna da, eta duela urte batzuk Normandiako herrixka batera joan zen okin gisa lan egitera. Bikote britainiar bat bertara iristean, Flauberten obrarekiko duen obsesioa azaleratuko da berriro. Posy Simondsen komiki ezagun batean oinarrituta dago “Primavera en Normandia”, eta film ironikoa, jatorra eta sentimenduz betea da. Istorioak eta paisaia ederrak txundituta utziko ditu ikus-entzuleak. Pelikula larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.
Asteburuko beste filma Divergente: Leal estatubatuarra da. Verónica Roth idazlearen eleberri ezagunetan oinarritutako saga futurista eta distopikoa da, eta atal berri honetan, Trisek eta Cuatrok erronka berriei egin beharko diete aurre, eurekin eta gizarte osoarekin amaitu dezakeen krisia ekiditeko. Akzioa, tentsioa eta ikuskizuna bat datoz beste behin saga arrakastatsu honetan. Filma larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.
Azkenik, igandeko haurren saioan, Kung Fu Panda 3 3D pelikula eskainiko da. Teknikoki eta bisualki zoragarria; akzioa, fantasia eta dibertsioa familia osoarentzat.
Informazio gehiagorako, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan