Jai Alai Blues eta Calle Cloverfield 10 nagusi aste honetako zine eskaintzan
Ostegun honetan hasiko da aste honetako zine programazioa Ermua Antzokian. Oraingoan, ohiko zineklub saioan dokumental berezi bat eskainiko da, Gorka Bilbaok zuzendutako Jai Alai Blues euskal produkzioa. Euskadik pilotari onak eman ditu duela mende bat baino gehiagotik, han eta hemen euren jokoa erakusten aritu direnak: Macaon, Alexandrian, Kuban, Mexikon, Estatu Batuetan… Zesta puntan zuten abileziarekin, mundua hitzik gabe utzi zuten euskal pilotari askok, horietako batzuk ermuarrak. Dokumental honetan istorio horiek biltzen dira, batez ere Miamira jokatzera joan eta milaka pertsona frontoira erakartzen zituzten izarrenak. “Jai Alai Blues” ostegun honetan 20:30ean eskainiko da, euskaraz gaztelerazko azpitituluekin.
Zine komertzialari dagokionez, Marc Fitoussi zuzendariaren Luces de París komedia frantziarrarekin hasiko dira saioak. Brigitte eta Xabier Normandiako baserri batean bizi dira, eta euren seme-alabak etxetik joatean, bertan bizitzea zaila egingo zaio emakumeari. Egun batean, inori ezer esan gabe, Parisera abiatzen da, eta Xabierrek galtzen ari dela pentsatzen du. Hiriko giroaren eta nekazal ingurukoaren artean gertatzen den komedia da, samurra eta sentibera, baina errua eta adulterioa bezalako gaiak jorratze dituena. Jean Pierre Darroussin eta Isabelle Huppert bikote protagonistaren papera benetan azpimarragarria da. “Luces de Paris” larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.
Asteburuko beste pelikula Calle Cloverfield 10 thriller izugarria izango da; kritika konbentzitu eta ikus-entzuleak harrapatu dituen zinta. Neska gazte batek auto istripu bat izan du, eta bere onera itzultzen denean, lur azpiko gela batean harrapatuta dagoela ohartuko da. Berarekin batera, gizonezko bat, mundu mailako ezbehar batetik salbatu duela dioena. John Goodman aktorea du protagonista Calle Cloverfield 10 filmak, eta hasiera-hasieratik ikuslea pantailari lotuta izango du; izan ere, pelikula aurrera joan ahala, intriga ere gorantz doa. Tentsioz, klaustrofobiaz eta eraginkortasunez betetako lana. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Haurren saioari begira, El cuento de la princesa Kaguya emitituko da igandean 17:00etan. Animaziozko film japoniar txundigarria da, mota honetako lanek izan ohi duten sentsibilitate eta kalitatearekin. Marrazki bizidunetako pelikularik onenaren atalean izendatuta egon da Oscar sarietan, eta Japoniako ipuin tradizional baten 140 minutuko moldaketa da.
Informazio gehiago eskuratzeko, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan