Bigarren Errepublikaren 85. urteurrena gogoan Ermuan
Gaur, apirilak 14, II. Errepublika aldarrikatu zenetik 85 urte betetzen dira. Egun berezia da, eta Ermuko Udalak gogoan izango du ekimen ezberdinen bitartez.
Asteartean, Bozeramaileen Batzordean, Julen Domínguez Irabazi Ermua alderdiko zinegotziak aurkeztutako mozioa onartu zuten. Taldeak aurkeztutako testuan azaltzen denez, Bigarren Errepublikak “gure gizartearen eraldatze-prozesua sustatu zuen, askatasun indibidual eta kolektiboen defentsa eta justizia soziala lortzeko bidea eginez”. Guda Zibila galduz bukatu zen sistema demokratiko hori, eta orain, aldarrikatu zela 85 urte betetzen direnean, “Errepublikari buruz erabakitzeko aldarrikapena egin behar dugu, garai horretako alkate eta zinegotziei omenaldiak eginez eta estatu-kolpe frankista kondenatuz”, azaltzen du mozioak.
Hori guztia kontuan izanik, Ermuko Udalak 1936ko uztailaren 18an Bigarren Errepublikako gobernuaren aurka egindako estatu-kolpea gaitzestea adostu du. Gainera, errepublikako bandera udaletxean eseki da gaur, sistema defendatu zuten pertsona guztiei omenaldi gisa.
Poesia errezitaldia Emakumeen Topalekuan
Ermuko Emakumeen Topalekuak “Poesia, emakumea eta errepublika” izeneko poesia errezitaldia antolatu du gaurko. 19:00etan hasiko da ekitaldia, León Felipe taldearen eskutik, eta ‘Kapela gabekoak’ oroituko ditu; hau da, Errepublikaren mugimenduarekin loturik izan ziren emakume poetak eta idazleak.
Gainera, datorren apirilaren 22ra arte ikusgai izango da gaiarekin lotutako erakusketa. Bertan batzen dira, Leon Felipe taldearen aburuz, garai hartako 12 emakumerik azpimarragarrienak: Sara Berenguer, Balendiñe Albizu, Rosa Chacel, Carmen Conde, Ana María Martínez Sagi, Concha Méndez, Lucía Sanchez Saornil, María Mariño, Gloria Fuertes, Amparo Gastón, María Mercé Marçal eta María Zambrano. Emakumeen Topalekuaren ordutegi berbera izango du galeriak.
Bestalde, Berdintasun Sailak garaiaz datuak bildu eta eskaintzen dituzten hainbat liburu erosi ditu, bertan erakutsiz eta eskainiz. Horrez gain, eta udal liburutegiarekin elkarlanean, irakurketa gida espezifikoa prestatu dute, beste hainbat poeten figurak ezagutzera emateko, Ángela Figueroa besteak beste.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n