Ermua Antzokiaren programazioak thrillerra eta antzinako zinea dakarkigu
Apirileko zine programazioak aurrera jarraituko du aste honetan. Osteguneko zineklubak zine alemaniarrarekin hitzordua proposatzen digu. Olivier Hirschbiegel zuzendariaren 13 minutos para matar a Hitler thrillerra izango baita panntailan. Europako historia bestelakoa eta ezberdina izan zitekeen Hitler akabatzeko saiakera ugarietako batek helburua lortu izan bazuen. Filmak izandako benetako aukera horietako baten historia kontatuko digu. 1939. azaroaren 8an George Esler arotzak egindako saiakera. Filma sendoa da, errepresentazio historiko zoragarria duena. Drama zehatza Eslerren figura garatzen duena, Hitlerrena baino gehiago, iragan beltz horren inguruan alemaniar herriaren jarrera egokiro jaso eta islatzen duena. Iluntzeko zortzi eta erdietatik aurrera ikusi ahal izango dugu, jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpitituluekin.
Zine komertzialaren txanda larunbat arratseko zazpi eta erdietan iritsiko da, Joel Edgerton zuzendariren El Regalo tituluko beste thriller estatubatuarra proiektatzen denean. Simon eta Robyn senar-emazte gaztea da hiri handi batean elkarbizitzari hasiera emango diotenak. Hiri horretan Simonek bere gaztarako ikaskide batekin topo egingo du eta horrek bikotearen bizitza irauli eta buelta emango dio. Intrigazko filma iradokitzailea da, ikuslearen arreta une oro mantentzen duena, zer gertatuko denaren edo iraganaren inguruko azalpenaren zain. Gidoi on eta argia da, tramak norabide aldaketa ugari dituelarik. Larunbat arratseko zazpi eta erdietan ikusi ahal izango dugu, eta baita igande gaueko hamarretan eta astelehen iluntzeko zortzi eta erdietan ere.
Asteburuko bigarren filma La Modista zinta australiarra da. Zuzendaria Jocelyn Moorhouse da eta aktore printzipala Kate Winslet. Filma hainbat genero uztartzen ditu; drama, komedia beltza eta salaketa soziala. La Modistak ikuslearen ahalegina eskatzen badu ere, zine ezberdin, fresko eta eszentrikoa eskainiko digu. Ez da pelikula perfektua, baina bai zinea egiteko modu duina, bitxikeria eta entretenigarritasuna uztartzen dituena; energi frenetiko eta zoroa surrealismo ukituaz batuz. Larunbat gaueko 10etan eta igande arratseko zazpi eta erdietan ikusteko parada izanen dugu.
Azkenik, haurrentzat igande arratseko 5etan El recuerdo de Marnie proiektatuko dugu. Marrazki bizidun japoniarrak dira, samurtasun, berotasun, poesia eta misterioz beterikoak. Osdcar sarietarako izendatuta izan da eta bi neskatila oso berezien adiskidetasuna hurbilduko digu. Familia osoari gustatuko zaion lana, heldu nahiz gazteentzat benetan aproposa.
Argibide gehiagorako ikus Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan