Kiko Venenok emanaldi akustikoa eskainiko du Ermuan
José María López Sanfeliú izenez agian inor gutxik jakingo du nori buruz ari garen, baina Kiko Veneno aipatuta gauzak asko aldatzen dira. Musikaria ostiral honetan Ermuan izango da, “+ solo que la una” emanaldiarekin. Figueraseko abeslariak bi ordutik gorako kontzertua eskainiko du, bere ibilbideko lanak ordena kronologikoan errepasatuz.
Flamenkoa, popa eta rocka modu berritzailean uztartzen aitzindarietako bat izan zen Kiko Veneno, eta musika estilo ezberdinetako zaleak erakartzea lortu zuen. 1975. urtean Veneno taldea eratu zuen Rafael eta Raimundo Amador anaiekin batera, eta gainera, “Volando voy” abesti ezagunaren sortzailea da. Arlo kulturalean egindako lanari esker, 2009an Arte Ederretan Merituari Urrezko Dominarekin saritu zuen Kultura Sailak. Instituzio berberak Egungo Musiken Sari Nazionala eman zion 2012an.
Orain, gitarraz eta ahotsaz soilik lagunduta, Kiko Venenok bere ibilbide luzeko obren errepasoa egingo du bi ordutan zehar. Gainera, ikuskizuna aberasteko, musikariak abesti bakoitzaren inguruko azalpena eskainiko du.
Kontzertua ostiral honetan izango da, 22:15etik aurrera, Ermua Antzokian. Sarrerak salgai daude 12 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean edota, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko lehiatilan.
Jarraian ikus dezakezue ostiralean Ermuan izango dugunaren adibide labur bat.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan