Maiatzeko zine programazioa hasiko da asteburu honetan

03.05.16
Ermua Antzokia

Ermua Antzokiak maiatzeko zine programazioa estreinatuko du asteburu honetan. Hilero bezala, Estatu Batuetako, Europako eta Espainiako zinerik onena biltzen saiatzen da programazioa, zine komertziala eta independentea uztartuz, baina betiere kalitatea erreferentziatzat hartuta.

Maiatzean zehar, guztira hamasei pelikula eskainiko dira: lau zineklub saio, zortzi film komertzial eta lau saio etxeko txikientzat. Beti bezala, zine komertzialera eta zineklub saioetara sartzeko hileko bonoa eskuratu daiteke. Maiatzeko bonoak 14,4 euroko prezioa du, 1,2 euro filmeko, eta Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokiko leihatilan eskuratu daiteke.

Aste honetako programazioa ostegunean hasiko da, Rudi Rosenberg zuzendariaren “El Novato” film frantsesarekin. Benoit 14 urteko mutikoa da, eta herria utzi eta familiarekin Parisera joan da bizitzera. Bertan, eskola berrian, uste baino zailagoa egingo zaio berriro hastea. Pelikula dinamikoa da, dibertigarria eta erritmoz betea; laguntasunaren garrantzia azpimarratzen du, argia eta sentimenduz josia. “El Novato” ostegunean eskainiko da, zineklubeko ohiko ordutegian, 20:30ean, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.

Zine komertzialari dagokionez, larunbatean 19:30ean “El Juez” filmaren lehen pasea eskainiko da. Christian Vincenten zuzendaritzapean, Fabrice Luchini eta Sidse Babett Knudsen aktoreak dira protagonistak. Probintziako hiri txiki bateko epailea da Michel Racine, eta bere buruarekin nahiz besteekin gupidagabea da. Goiz batean, ordea, hilketa baten epaiketan, duela urte asko maite izan zuen emakume bakarrarekin topo egingo du. Harreman eroa eta maitagarria da “El Juez”, eta larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.

Asteburuko beste filma “Julieta” izango da, Pedro Almodóvar zuzendariaren azken lana. Emma Suárez eta Adriana Ugarte aktoreak protagonista dituen melodrama da, eta Almodóvarren pelikuletan ohikoak diren antzezle ugari agertzen dira. Zinta literarioa da, Alice Munro idazlearen hainbat testutan oinarritzen baita. Julietak Madriletik alde egin eta Lisboara joan nahi du, baina aspaldian ikusi gabeko bere alabaren lagun ohi batekin egiten du topo. Egoera berriarekin, Espainia atzean uzteko ideia baztertzen hasiko da, alabarekin duen erlazioari buruz idazten hasteko. “Julieta” larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean proiektatuko da.

Haurren saioari dagokionez, igandean 17:00etatik aurrera “El niño y la bestia” pelikula eskainiko da. Kyuta Tokion bizi den ume bakarti bat da. Pizti berezi batekin topo egitean, bakardadeari aurre egiten ikasiko du. Fabula ederra, marrazki eta narrazio izugarriekin.

Informazio gehiagorako, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
26.11.25
‘Tanttaka'k bizitzaren zailtasunen inguruko endredozko komedia aurkeztuko Antzokian

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean