Emakumezko antzezleak protagonista aste honetan Ermua Antzokiko zine programazioan
Ostegunean hasiko da aste honetako zine programazioa Ermua Antzokian. Oraingoan, zineklub saiorako hautatu den filma Juan Schnitmanek zuzendu eta Pilar Gambia eta Juan Barberini aktoreek antzeztutako “El Incendio” pelikula argentinarra da. Luciak eta Marcelok 30 urte dituzte, eta goiz honetan bertan erosi behar dute etxea. Patua dela eta, ordea, hurrengo egunera arte atzeratu da erosketa. Datozen 24 orduak tentsioz beterik egongo dira, eta euren harremana behin betiko markatuta utziko dute. Drama indartsua da, tenperatura altukoa, eta bikote protagonistaren antzezpenak bikainak dira. Ezagutzeko moduko pelikula. “El Incendio” zineklub saioen ohiko ordutegian eskainiko da, 20:30ean.
Zine komertzialari dagokionez, larunbatean 19:30ean emitituko da “La punta del iceberg” filmaren lehen saioa. David Cánovasen pelikula honetan intriga eta drama uztartzen dira, eta Maribel Verdúren antzezpena nagusitzen da. Nazioarteko enpresa handi batean, langile batek bere buruaz beste egin du, eta Sofía Cuevas enpresariak gertatutakoari buruzko txostena idatzi behar du. “La punta del iceberg” lan munduko thriller izugarria da, eta ikerketan zehar agerian geldituko dira zenbait interes akordio, ezer ez baita dirudien bezalakoa. Ongi zaindutako gidoia, anbientazio ederra eta aktore onak ditu pelikulak, eta tentsioz beteriko giroan sartzen du ikus-entzulea. Filma larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.
Beste thriller batek osatuko du aste honetako programazio komertziala, kasu honetan, jatorri estatubatuarrekoa: “El secreto de una obsesión”, Billy Ray zuzendariarena. Chiwetel Ejiofor, Julia Roberts eta Nicole Kidman aktoreek “El secreto de sus ojos” film argentinarraren moldaketa ederra egin dute. FBIko bi ikuskari kargutik kendu dituzte, eta handik gutxira, bietako baten alaba hilda agertu da. Hamar urte geroago, bere lankideak aztarna berriak aurkituko ditu kasua ikertzen jarraitzeko. Pelikula misteriotsua eta argia da, gidoian bira handiak dituena, eta Hollywoodeko zinemaren eraginkortasun narratiboarekin. Gainera, azpimarratzekoa da Julia Robertsen lan izugarria. “El secreto de una obsesión” larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Haurren saioari dagokionez, igandean 17:00etan Disneyren azken arrakasta ikusteko aukera izango da: “El libro de la selva 3D”. Kiplingen ipuin klasikoaren moldaketa ikusgarria da, Disneyren ohiko magiarekin.
Gogoratzen dizuegu oraindik ere posible dela hileko bonoa lortzea Ermua Antzokian eta Lobiano Kultur Gunean. Maiatzeko bonoak 14,4 euroko prezioa du. Informazio gehiagorako, jo ezazu Antzokiaren mikrositera.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan