Zine programazioak agur esango du irailera arte, 'Pikadero' film euskaldunaren eskutik

24.05.16
Ermua Antzokia

Maiatzeko azken txanpan sartu gara jada, eta urtero moduan, Ermua Antzokiko zine programazioak agur esango digu datorren irailera arte. Baina udako atsedenaldia baino lehen, zineaz gozatzeko lau pelikula eder izango ditugu aste honetan. Osteguneko zineklub saioan, Hans Peter Moland daniarrak zuzendutako “Redención” filma eskainiko da. Jussi Adler-Olsen idazlearen “Los casos del Departamento Q” eleberri sailaren moldaketa da “Redención”. Mezu arraro bat duen botila bat iristen da Eskoziako kostaldera, baina Danimarkako Q sailak uste du krimen zahar bat argitzeko azken pista izan daitekeela. Tentsio handiko thrillerra da, misterioz betea eta giro ilunekoa; generoaren zaleei ez die hutsik egingo. Jatorrizko bertsioan eskainiko da, azpitituluekin, ostegunean 20:30etik aurrera.

Zine komertzialari dagokionez, larunbatean 19:30ean eskainiko da “Pikadero” film euskaldunaren lehen pasea. Ben Sharrockek zuzendutako filmak Bárbara Goenaga, Joseba Usabiaga, Zorion Eguileor eta Itziar Lazkano ditu protagonista, eta egungo krisi ekonomikoaren inguruko tragikomedia da. gurasoen habia utzi ezinik dabil bikote gazte bat, eta dirurik gabe, arazo larriak dituzte gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Larrua jotzeko gero eta grinatsuago eta hotel bat ordaintzeko dirurik gabe, elkargune publikoak bilatu behar dituzte: "txortalekuak". Baina gauzak ez dira diruditen bezain errazak, eta haien harremana kolokan jarriko da amiltzen ari den ekonomia batetik askatzen saiatzen direnean. Bizizalea eta poetikoa, egungo gazte askoren egoeraren isla ederra da “Pikadero”; elkarrizketa bikainak ditu, umorea eta xamurtasuna sarkasmoarekin uztartuz. Larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da filma, jatorrizko euskarazko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin.

Asteburuko bigarren filma “Trumbo” drama biografikoa izango da. Jay Roach zuzendariaren lana Dalton Trumbo gidoilariaren bizitzan oinarrituta dago; Trumbo bere garaiko filmik ospetsuenetako batzuen gidoilaria izan zen, “Johnny cogió su fusil” eta “Espartaco”, esaterako. Baina, Amerikarren Aurkako Ekintzen Batzordea martxan jarri zenean, zerrenda beltzean sartu zuten pentsamendu ezkertiarra izateagatik. Kartzelan sartu eta guzti egin arren, Trumbok ez zuen atzera egin eta bestetik beste bi gidoi idatzi zituen goitizen ezberdin batekin: “Vacaciones en Roma” eta “El Bravo”. Horiek, gainera, Oscar sariak jaso zituzten. Hollywooden historia kontatzen du film zoragarri honek, argiekin eta itzalekin, eta azpimarratzekoa da Bryan Cranston aktore protagonistaren lana. “Trumbo” larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Igandeko haurren saioari dagokionez, “Iparraldeko Norman” filma eskainik oda 17:00etatik aurrera. Artikoko hartz zuri maitagarria da Norman, eta New Yorkera joango da bere habitata salbatzeko asmoz. Umorez eta bizitasunez beteriko pelikula da, ezinhobea haurren programazioari irailera arte agur esateko.

Informazio gehiago behar izanez gero, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
26.11.25
‘Tanttaka'k bizitzaren zailtasunen inguruko endredozko komedia aurkeztuko Antzokian

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean