Eusko Jaurlaritzaren Eskola Jasangarria ziurtagiria eskuratu du Eskolabarri Ikastetxeak

01.06.16
Hezkuntza

Iñigo Urkullu lehendakariak Eskola Jasangarriak saritzeko 9. edizioko diplomak eman ditu, eta irabazleen artean izan da Ermuko Eskolabarri Ikastetxea.

Eusko Jaurlaritzaren Eskolako Agenda 21 programaren barnean dago izendapena, eta agiri horrek jasangarritasunaren aldeko ibilbidea islatzen du eskolako bizitzan, baliabideen kudeaketa eraginkorrean eta ekologikoan eta ikastetxeetako curriculumetan.

Eskolabarriren estrategiak lotura handia du jasangarritasunarekin. Pasatu den martxoan, “Itzali argia, piztu planeta” lelopean, ingurumen batzordeko ikasleak Carlos Totorika alkatearekin bildu ziren Planetaren Ordua ekimenari batu zedin eskatzeko. Gainera, ikastetxeko ikasle guztiak, eraikineko argi guztiak itzali ostean,  Santa Anako parkean elkartu ziren eta 60 zenbakia irudikatu zuten, martxoaren 21eko borondatezko itzalaldiaren 60 minutuak gogorarazteko.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Ana Oregi Ingurumen sailburuak banatu dituzte agiriak, Urdaibain kokatzen den Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan egindako ekitaldian.

Urkulluk azaldu duenez, “ikasleei, familiei eta udal-arduradunei esker, Euskadin kontsumo-ohiturak eraldatzeko eta gizarte justu eta jasangarriago bat eraikitzeko proposamenak eta konpromisoak sustatzen ari gara”.

“Agenda 21en zaudeten eskola jasangarriak programa honen aitzindariak zarete. Jasangarritasunaren alde egin duzuen apustua errealitate bat da; begien bistakoa da ingurunea eraldatzen duten hezkuntza-komunitate konprometituetan, ikastetxeetako kalitatearen hobekuntzan eta partaidetza-ereduetan”, azpimarratu du lehendakariak.

Jarraian Eskolabarrik parte hartu duen sari-banaketako irudiak ikusi daitezke. Zorionak ikasle eta irakasleei!

Lotutako albisteak

Imagen
01.12.25
I. Gabonetako Postal Lehiaketaren emaitza erabakita

LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da
Imagen
28.11.25
‘Beldur Barik Ermua’ lehiaketak bi kategoriako bost talde saritu ditu

Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Imagen
IX. Haurren Kontseiluko kideak, adineko pertsonak eta udaleko teknikariak liburutegiko sarreran | El IX Consejo de la Infancia con personas mayores y técnicos/as del ayuntamiento en la entrada de la biblioteca
19.11.25
Ermuko Haurren Kontseilua, Errekalden bisitari

12 kontseilari txikiek txangoa egin dute Errekalde auzora, aurtengo erronka burutzeko informazio gehiago jasotzeko