San Pelaio eta Aldapako igogailu publikoek 34 metroko altuera gainditzen dute irisgarritasuna bermatzeko

12.07.16
Erakundea

San Pelaio, Aldapa eta Ongarai lotzen dituzten igogailu publikoak erabiltzaileentzat zabaldu dira gaur asteartea, uztailak 12. Udalbatzak instalazio berriak inauguratu ditu, eta bi igogailu eta lau pasarela berriek 34 metroko altuera gainditzeko aukera eskaintzen dute. Lehenengo igoera anekdotikoa suertatu da, igogailuak ez duelako egoki bete ibilbide osoa eta gora iritsi aurretik gelditu egin da, udalbatza kideak barne zituelarik.

Lehenengo igogailuak San Pelaio plaza eta Aldapa kalea lotzen ditu, eta bigarren instalazioarekin batera, Ongarai auzora, institutura, Anaitasuna eta Ongarai eskoletara, Betiondoko kirol gunera, rock lokaletara eta herriko zati garaienean kokatzen diren beste instalazioetara bide erosoa eta irisgarria eskaintzen du.

San Pelaio plazatik Aldapa kalera ia 14 metro igotzen ditu lehenengo igogailuak, eta 1.000 kilo edo 13 pertsona hartzeko adinako edukiera du. Bi ateko kabina panoramikoak 1,75 metro segundoko abiaduran egiten du lan, eta uneoro kanpoko nahiz barruko kamerek zainduta dago. Behin gora iritsita, 22,35 metro luze eta 2,50 metro zabaleko pasarela kokatzen da Aldapa kalera jotzeko. Azpiegitura osoa kolorez aldatzen diren kontsumo baxuko LED argiez argiztatuta dago.

Bestalde, hiru irteera posible izatea da bigarren igogailuaren ezaugarri nagusia: lehenengoa hiru metrora kokatzen da, bigarrena 11,05 metrora eta hirugarrena, aldiz, 21,17 metrora. San Pelaio eta Aldapa lotzen dituen instalazioak bezala, 1.000 kilo edo 13 pertsonarentzat gaitasuna duen kabina du, kristalezko hormak dituena eta kamerez zaindua; hori ere 1,75 metro segundoko abiaduran igotzen eta jaisten da. Irteteko dauden hiru pasarelei dagokienez, lehenak 2,26 metro luze ditu; bigarrenak, 14,12 metro; eta hirugarrenak, 24,86 metro. Guztia, aurrekoak bezala, LED argiekin.

Igogailuen eta pasarelen instalazioarekin bat, inguruaren egoera ere hobetu egin da. Azpimarratzekoa da San Pelaiotik Aldapara eta Aldapatik Ongaraira doazen eskaileren berrikuntza. Gainera, Aldapa kaleko 6 eta 8 zenbakietara eta kale bereko etxebizitzetara irisgarritasuna bermatzen da, eta aipatutako etxebizitzen atzean egin den bide berriari esker, Ongarai auzora igotzeko beste aukera bat eskaintzen da.

Zerbitzua gaur bertan jarri da martxan, eta egunero zabalik egongo da 07:00etatik 00:00etara.

Obraren aurrekontu osoa 888.888 eurokoa izan da, BEZ barne. Egindako kalkuluen arabera, inguruan bizi diren 1.250 pertsonari egingo diete mesede egitura berriek. Gainera, herriko erdigunetik institutura, ikastetxeetara, futbol zelaietara, Betiondoko kirol gunera, rock lokaletara, ur jolasetara edota skateparkera joan nahi duen edonorentzat ere erabilgarriak izango dira igogailuak.

Lotutako albisteak

Imagen
30.12.25
Ermuak 27,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an

PSE-EE/PSOE (6), EAJ/PNV (3) eta PP (2) taldeen aldeko botoekin onartu da; EH Bildu (4) abstenitu eta Elkarrekin Ermuak (2) kontrako bozkatu du
Imagen
19.12.25
Ermuak 1.125.000 euroko dirulaguntza jasoko du Merkatuko plaza zaharra birgaitzeko

Eusko Jaurlaritzak atzo 8,3 milioi onartu zituen Ermuko, Eibarko, Elgoibarko eta Soraluzeko hainbat proiektuetarako
Imagen
19.12.25
Integrazioa eta harrera bultzatzen duten zazpi elkarte saritu dituzte Migratzaileen Nazioarteko Egunean

Eusko Jaurlaritzak Ermuan egindako ekitaldi batean banatu ditu sariak. Amurriok elkukoa hartu du datorren urterako