Euskadi-Galiza jardunaldietan parte hartuko du Ermuak Allarizen, Ourensen
Ourenseko Allariz udalerrian ospatuko dira lehenbizikoz Euskadi-Galiza jardunaldiak asteburu honetan. Kirola, kultura eta gastronomia uztartzen dira ekimen horretan, eta Ermuko eta Eibarko udalak izango dira gonbidatuak. Jardunaldi horietan Euskadira bizitzera joan ziren allariztarrak omendu nahi dira, baita haiek hartu zituen gizartea ere.
Programari jarraiki, bihar hasiko da festa 20:30etan Allarizko Plaza Nagusian, Ermuko eta Eibarko udal ordezkariei ongietorria ematearekin batera. Dantzari batek eta txistulari batek egingo die agurra, eta ondoren, 21:00etan, harrera ofiziala egingo zaie Carlos Totorika (Ermua) eta Miguel de los Toyos (Eibar) alkateei udaletxeko osoko bilkuretako aretoan.
Larunbata, abuztuaren 13a izango da jardunaldietako egun handia. 11:00etan hasiko da programa herri galiziar horretako zumardian, euskal herri-kirolen erakustaldiarekin. Aizkolariak eta harrijasotzaileak izango dira bertan, Ernesto Ezpeleta ‘Bihurri’ eibartarraren eskutik. Ondoren, 12:00etatik aurrera, euskal eta galiziar gastronomia erakustaldia egingo da zuzenean, eta elikagaiak dastatzeko aukera izango da. Ekimena Eibarko Mugi Pandero taldeak girotuko du. Talde berdinak trikitixa erromeria eskainiko du gauean, 23:30etik aurrera.
Jardunaldien harira, Carlos Totorika alkateak egun Ermuan bizi den ‘kolonia’ galiziar handia gogoratu nahi izan du: “Ermuan bizimodua eraiki duten galiziarrei eskerrak eman nahi dizkiet, guztiokin batera lan eginez eta elkarbiziz. Errespetuzko elkarbizitza anitza sortzen lagundu digute galiziarrek, eta ohorea izan da erkidego horretako jendea hartzea eta gurekin izatea hainbat hamarkadaz. Errespetutik eginez gero, jatorriak batu egin gaitzake”.
Allarizen ospatuko den ekimena baino lehen, pasatu den uztailaren 16an, Unión Musical talde galiziarrak kontzertua eskaini zuen Orbe Kardinala plazan, Santixau jaietarako herria girotzeko. Orain, Ermuaren txanda iritsi da.
Lotutako albisteak
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da
Egoitza elektronikoaren bidez, Abiapuntu bulegoan edo Liburutegian