George Clooney aktorearen azken lana, asteburuko zineko protagonista Ermua Antzokian

13.09.16
Ermua Antzokia

Ostegun honetan zine aste berri bat hasiko da martxan, eta oraingoan ere lau pelikula desberdin ikusteko aukera izango dugu. Lehena zineklub saioan eskainiko den “Fatima” film frantziarra izango da, Philippe Fauconek zuzendua. Hiru Cesar sari eskuratu ditu drama honek, tartean, pelikula frantses onenarena. Fatima bere bi alabekin Frantzian bizi den emakume immigrantea da, eta haien ikasketak ordaindu ahal izateko, garbitzaile moduan lan izugarri egiten du. Egun batean istripu bat izango du, eta geldirik egon beharko du. Orduan, alabei frantsesez esan ezin dien guztia arabiarrez idazteari ekingo dio. Emakume arrunt baten istorioa da, baina era berean, gure garaiko heroia da, beste hainbat bezala. Pelikula sinplea, sinesgarria eta ikusgarria da aldi berean, gizatasunez eta sentimenduz betea. “Fatima” jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin eskainiko da ostegun honetan 20:30etik aurrera.

Zine komertzialari dagokionez, programazioa larunbatean hasiko da 19:30ean “Monster Money” filmaren lehen proiekzioarekin. Jodie Fosterrek zuzendutako pelikula eder honek George Clooney, Julia Roberts eta Jack O’Donnell ditu protagonista. Lee Gates telebistako aurkezle ezaguna eta Wall Streeteko guru garrantzitsuenetako bat da, eta inbertsioetan espezializatuta dago. Bere gomendioei jarraitu ostean, ordea, Kyle Budwell gazteak bere familiaren diru guztia galduko du, eta Gates bahitzea erabakiko du telebistako programa zuzenean eskaintzen ari den bitartean. Tentsioz beteriko filma da “Monster Money”, eta irauten dituen 100 minutuak berehala igarotzen dira. Gainera, kapitalismo globalizatuaren aurpegi zikinenaren salaketa irmoa eta emozioz betea da. Pelikula larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteburuko beste filma “Tarde para la ira” da, Raúl Arévalo espainiarraren lehen lana zuzendari gisa. Antonio de la Torre handia protagonista duen thriller sendo honetan mendekua, amorrua eta haserrea modu indartsuan uztartzen dira. Bitxidenda batean lapurreta egiten harrapatu ostean, Currok kartzela utzi du zortzi urteren bueltan. Orain, familiarekin bizitza berri bati hasiera ematea baino ez du buruan, baina iraganeko mamuei aurre egin beharko die. “Tarde para la ira” larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Azkenik, igandeko haurrentzako saioari dagokionez, aurtengo udako animaziozko film ederrena ikusi ahalko da 17:00etatik aurrera: “Ice Age: El Gran Cataclismo 3D”. Historiaurreko gure animalia gustukoenak betiko indarrarekin ditugu bueltan, eta dibertsioa, ikuskizuna, abentura eta eroaldia eskutik datoz dira pelikula zoragarri honetan.

Informazio gehiago eskuratzeko, jo ezazu Ermua Antzokiaren webgunera.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan