'Counting with fingers', matematikak ingelesez Ermuko gaztetxoentzat
Atzerriko hizkuntzak ezagutzaren garrantziaz jakitun da Ermuko liburutegia, eta haur eta gazteei zuzendutako ingelesezko matematika tailer ludiko eta hezigarria antolatu du.
‘Counting with fingers’ da ekimen berritzaile honen izena, eta hiru saiotan burutuko da; bata urrian, bestea azaroan eta azkena abenduan. Tailer honen helburua ingelesa praktikatzea eta matematikaren oinarrian dagoen arrazonamendu abstraktua zentzumenen bidez eta gure bizitza errealeko esperientziaz lor daitekeela erakustea da.
Saio guztiak Lobiano Kulturgunean izango dira, larunbatez, 17:00etatik 20:00etara. Parte-hartzaileak hiru taldetan banatuko dira: lehena, 6 eta 8 urte arteko haurrena, urriaren 29an bilduko da; bigarrena, 9 eta 11 urte arteko neska-mutilena, azaroaren 19an; eta hirugarrena, 12 eta 15 urte arteko gaztetxoena, aldiz, abenduaren 17an.
Tailer bakoitzean parte-hartzaileek hiru ekintza edo proiektu desberdin burutuko dituzte, adinaren arabera egokituak. Mosaikoak, gomiedroak (gominolez egindako poliedroen tailerra), mapak margotu, jolas geometrikoak Tangram-ekin, estrategia jolasak, grafoen tailerra, kriptografia eta zenbaki handien tailerra landuko dituzte, besteak beste.
Matematika-Txokoko Matematikan lizentziatutako begiraleek dinamizatuko dituzte tailerrak.
Ekintza doakoa da, baina saio bakoitzerako 20 plaza baino ez daude, beraz beharrezkoa da urriaren 24a baino lehen izena ematea. Horretarako, liburutegira jo, 943 17 92 12 telefonora deitu edo biblioteca@udalermua.net helbidera mezua bidali behar da honako datuak emanez: parte-hartzailearen izen-abizenak, liburutegiko bazkide txartelaren zenbakia, jaiotze data eta ama edo aitaren telefono zenbakia eta helbide elektronikoa. Plaza baino parte-hartzaile gehiago aurkezten badira, tokiak zozketa bidez esleituko dira.
Anima zaitezte! Aukera aparta da matematika eta ingelesa modu dibertigarri eta desberdinean ikasteko.
Lotutako albisteak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.