Urriko zine programazioa hasiko da asteburu honetan Ermua Antzokian

27.09.16
Ermua Antzokia

19 pelikulak osatzen dute urrian Ermua Antzokian izango dugun zine programazioko kartela. Asteburu honetan bertan hasiko dira emanaldiak, eta guztira lau zineklub saio, hamar pelikula komertzial eta etxeko txikientzako bost proposamenez gozatzeko aukera izango dugu gain-gainean dugun hilabete honetan.

Hilero bezala, jada eskuratu daiteke zine bonoa Lobiano Kulturgunean edota Ermua Antzokiko leihatilan. Urriko bonoa 16,8 euroren truke dago salgai, eta horrekin zineklub eta zine komertzial saioetara sar daiteke, film bakoitza 1,2 eurotan ikusiz. Salbuespen bakarra 3Dn eskaintzen diren filmak dira; horiek 2 euro gehiago balio dute.

Aste honetako programazioa ostegunean hasiko da, iraileko zineklubeko azkenengo saioarekin. Bertan, Dagur Kari zuzendari islandiarraren “Corazón gigante” lana emitituko da. Fusi 43 urteko pertsona zakarra da, jendartean ongi moldatzen ez dena, eta bere gelan II. Mundu Gerrako borrokak birsortzen igarotzen du eguna. Egun batean, Sjöfn ezagutuko du, trauma psikologiko gogorrak dituen neska gaztea. Pelikula hunkigarria, jatorra eta atsegina da; gorputza baino bihotz handiagoa duen ezohiko pertsona baten istorio zintzoa. “Corazón gigante” ostegun honetan eskainiko da, jatorrizko bertsioan azpitituluekin, 20:30etik aurrera.

Urriko programazioa larunbatean hasiko da zine komertzialeko lehen saioarekin, “Gernika” euskal superprodukzioarekin, zehazki. Koldo Serrak zuzendu eta María Valverde, James D’Arcy, Jack Davenport eta Bárbara Goenaga aktoreek antzeztutako lana da. Espainiako Gerra Zibilaren historian gertaera gogor asko daude, baina guztien artean nazien hegazkinek azoka egun batean Gernika suntsitu izana gailentzen da. Gertaera historikoa birsortzeaz gain, maitasun istorio sendo bat erakusten du “Gernika” filmak, eta pelikula dotorea eta klasikoa da, nazioarteko filmen inbidiarik ez duen luxuzko superprodukzio itxura duena. Lana larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteburuko beste filma “Cuerpo de elite” komedia espainiar arrakastatsua izango da. Lurralde desberdinetarako eliteko talde bat osatu behar duten guardia zibil baten, ertzain baten, legionario baten, udaltzain baten eta mosso d’esquadra baten bizipenak eta abenturak kontatzen ditu pelikulak. Gag dibertigarri, ironiko eta sarkastikoz beteriko zinta da, egoera korapilatsu ugari erakusten dituena, eta uneoro ahoan irribarrea margotuko duena. Joaquín Mazón zuzendari duela, Miki Esparbé, María León, Andoni Agirregomezkorta, Carlos Areces eta Joaquín Reyes ditu protagonista, besteak beste. “Cuerpo de élite” pelikulak arrakasta izugarria izan du, eta larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango dugu ikusteko aukera.

Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera “Angry Birds 3D” animazio filma izango da ikusgai. Izen bereko bideojoko arrakastatsuan oinarrituta dago lana, eta etxeko txikienentzat zinta entretenigarria, eroa eta bizia da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan