Azterkosta ekimena: mende laurdena sasoi betean

10.10.16
Ingurumena

Ermuko 171 ikasle eta irakaslek parte hartuko dute ostiral honetan, urriak 14, Azterkosta 2016 ingurumen kanpaina europarrean. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek Debako Santiago hondartzara joko dute gure itsasbazterraren egoera aztertu eta ebaluatzeko.

Herriko ikastetxe guztiek egingo dute bat ekimenarekin: LH Ongarai CEP, Eskolabarri, LH San Lorenzo, San Pelaio eta Anaitasuna Ikastola. Programako koordinatzailearen laguntzaz, kanpainako parte-hartzaileak trenez joango dira Debara, Ermuko Udalak eta Eusko Trenbideakek egindako hitzarmen bati esker.

Ostiraleko irteeran, Ermuko ikasleek gure bizimoduak kostaldeari nola eragiten dioen ikusteko aukera izango dute, ibaira egiten ditugun isurketak eta animali eta landareekiko presioak aztertuz, besteak beste. Parte-hartzaileak taldetan banatuko dira, eta talde bakoitzak bi ordu eta erdi izango ditu landa lana egiteko. Debako hondartza izango da datuak biltzeko erabiliko duten laborategia, eta bertan itsasoko uraren hainbat parametro neurtuko dituzte, hala nola, uhertasuna, nitrato eta fosfatoen kopurua edo uretan dagoen oxigeno maila. Gainera, animali eta landareak identifikatzen ikasiko dute, kostaldeko ekosistema bizirik egon eta kontserbazioa egokia den ala ez frogatze aldera. Amaitzeko, ikasleek galdetegi batzuk beteko dituzte gure kostaldearen egoera ebaluatzeko.

Aurten 25 urte betetzen ditu Azterkosta kanpainak. Gure inguruko itsasbazterrak dituen berezitasunak eta arazoak ezagutzeaz gain, biztanleria ingurumena zaintzeaz kontzientziatzeko erreminta egokia da. Azterkosta Coastwatch kanpaina europarraren Euskal Autonomia Erkidegoko moldaketa da; hori Irlandan sortu zen 80ko hamarkadan, eta urtero Europako hainbat herrialdetan garatzen da.

Lotutako albisteak

Imagen
17.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldia egingo Ermuan

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
04.11.25
Kaltxangoko biribilgunean hasi da deskontaminazio pasiboko proiektu pilotua

Helburua airearen kalitatea hobetzea eta puntu neuralgiko horretan ibilgailuen zirkulazioari lotutako kutsatzaileak murriztea da
Imagen
29.10.25
I Energia Eguna: ekintza eta parte-hartzea, energia eraldatzeko

Santa Ana auzoan gauzatu zen jardunaldia Klima eta Energiaren 2025 Astearen baitan