Los hombres libres de Jones eta Go!azen, asteburuko protagonistak Ermua Antzokian
Ostegun honetan zineklub saio berezi batekin hasiko da zine astea Ermua Antzokian. Izan ere, Artarrai Mendi Taldeak antolatu dituen kultur jardunaldietan parte hartuko du Antzokiak “K2, tocando el cielo” dokumental poloniarra eskainiz. Eliza Kubarskak zuzendutako lanak 1986ko udara egingo du jauzi, K2 mendira alderik zailenetik igotzen saiatu eta bidean hil ziren hamahiru mendizaleak oroitzeko. Hogeita hamar urte geroago, Kubarskak biktimen senideak zonalde hartara eraman ditu, kirolarekiko pasioari, mendiarekiko maitasunari, erronkei eta mendigoizaleek aurre egiten dioten beste hainbat dilemari buruz gogoeta egiteko. Gozatzeko, pentsatzeko eta amets egiteko dokumentala da “K2, tocando el cielo”, eta ostegunean 20:30etik aurrera eskainiko da jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertzialaren programazioa larunbatean 19:30ean hasiko da Pablo Larraín zuzendari txiletar ezagunaren azken lanarekin, “Neruda” filmarekin, hain zuzen. 1948. urtea da, eta Pablo Neruda ezagunagoa da politikagatik poemagile izateagatik baino. Txileko Gobernuarekin ika-mikak ditu, senatari kargua kendu eta atxilotzea agindu baitu; orduan, Nerudak ezkutuan herrialdetik ihes egingo du. Horrela, “Canto general” ezaguna idazten duen bitartean, sinbolo bihurtuko da. Zine politikoa eta thrillerra uztartzen ditu “Neruda” zintak, eta poetikotik poliziakora doan pelikula ederra eta argia da. Erritmoz betea, elkarrizketa bikainak eta Luis Gnecco eta Gael García Bernal aktoreen antzezpen apartak ditu. “Neruda” larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.
Asteburuko bigarren filma “Los hombres libres de Jones” gerra-filma da, Estatu Batuetako Sezesio-gerran kokatzen dena. Gary Rossek zuzendutako pelikula honek Matthew McConaughey aktore aparta du protagonista, eta egiazko istorio harrigarri batean oinarritzen da. Mississippiko Jones konderriko istorioa kontatzen du filmak; zonalde hori alderdi konfederatuaren aurka agertu zen eta Estatu libre izendatu zen, arraza ezberdinen arteko elkarbizitza oinarri zuela. Itxura klasikoko filma da, eta abenturak eta sentimenduak maisuki uztartzen ditu. Emozioa eta justizia nahia eskutik doaz pelikula honetan, eta Ermuan larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango dugu ikusteko aukera.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etan ekitaldi berezi batez gozatzeko aukera izango da: ETBren “Go!azen” telesailaren lehen kapituluaren aurrestreinaldia. “Go!azen” 2008an sortutako telesail musikal arrakastatsua izan zen, eta orain, zortzi urte geroago, kate publikoak ideia berreskuratu eta Basakabi eskola ezaguneko munduan berriro murgilduko gaitu. Han, Zuzen da oraindik ere agintean, baina irakasle talde berri bat du inguruan; tartean Irati Ibarbia, bere ikasle izandakoa. Musika, dantza eta akzioa uztartzen ditu telesail berri honek. Gainera, antzerkira eramango dute gutxi barru, eta Ermua Antzokian ikusteko aukera izango dugu.
Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean