Los 7 Magníficos eta Mascotas 3D, asteburu honetan Ermua Antzokian

18.10.16
Ermua Antzokia

Astero bezala, ostegunean hasiko da Ermua Antzokiko zine aste berria. Oraingoan, zineklub saioan Rokhsareh Ghaem Maghamik zuzendariaren “Sonita” dokumental irandarra izango da. Sonita 18 urteko neskato afganiarra da, Teheranen paperik gabe bizi den emigrantea, eta errealitatea ulertzeko bi era talka egiten dute bere bizitzan. Batetik, rap abeslari famatua izatea amesten du berak, eta bestetik, bere amak 9.000 dolarren truke adostutako ezkontza batera eraman nahi du. “Sonita” pelikula dibertigarria eta latza da aldi berean, eta eztabaidarako eta gogoetarako aukera ematen du. Ikus-entzulea bete-betean ukitzen duen benetako istorioa da. Aste honetan zehar gure herrian ospatzen ari den PressPlay! Zine eta Giza Eskubideen Jaialdiaren barne emitituko da filma ostegun honetan, 20:30ean, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.

Zine komertzialaren programazioa, bestalde, larunbatean hasiko da 19:30ean “Florence Foster Jenkins” filmaren lehen emanaldiarekin. Garaiko tragikomedia hau ere benetako istorio batean oinarrituta dago eta musikarekin zerikusia du. Stephen Frears zuzendari britainiarraren azken lanak Meryl Streep eta Hugh Grant aktoreak ditu protagonista, eta Florence Foster Jenkins 40. hamarkadako New Yorkeko oinordeko aberatsaren istorioa kontatzen du. Musikazale amorratua da, eta operaren munduan arrakasta lortzea da Florenceren ametsa. Eragozpen bakarra dauka: bere ahotsa beldurgarria da. Pelikula entretenigarria eta bizigarria da, Streep eta Grant aktoreen lan ederrekin. Sentimenduz betea, xamurra eta gizatiarra da, eta lortzeko ia ezinezkoak izan arren, euren ametsengatik borroka egiten duten pertsona guztiei zuzendutako deia da. “Florence Foster Jenkins” munduko abeslari txarrenaren istorio inspiragarria da, eta larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteburuko beste filma “Los 7 magníficos” western arrakastatsua izango da. Akira Kurosawaren istorioaren moldapen berri hay Antonie Fuquak zuzendu du, eta Denzel Washington eta Ethan Hawke bezalako aktore ezagunak ditu protagonista. Jauntxo aberats eta bihozgabe baten menpean dauden ekialdeko herri galdu bateko biztanleek gaizkile talde bat kontratatuko dute bizi duten zapalketari amaiera emateko. Akzioa, ikuskizuna eta aurreiritzirik eza izango dira nagusi pelikula honetan, ikusgarri bezain entretenigarria baita. Betiko western horietakoa da, eraberritutako formatu eraginkorrean aurkeztuta. “Los 7 magníficos” larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:0etan “Mascotas 3D” animazio filma eskainiko da. “Gru, mi villano favorito” pelikulan lan egin zuen talde berberak dakar zinta dibertigarri eta harrigarri hau. Bertan, gu ez gaudenean, gure etxeko animaliek zer egiten duten erakutsiko digute. Irribarrea bermatuta dago.

Informazio gehiago topa daiteke Ermua Antzokiaren mikrositean.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan