Elle eta El tiempo de los monstruos filmek emango diote amaiera urriko zine programazioari
Gainera, zineklub saio berezia eskainiko da azaroaren 2an
Urriko zine programazioa azken txanpan sartu da jada, eta aste honetan amaituko da. Ohi bezala, zineklub saioarekin hasiko da zikloa, eta oraingoan “Captain Fantastic” pelikula izango da protagonista. Matt Rossek zuzendutako lan honek eurek hala nahita gizartetik urrun bizi den familia xelebre bat erakutsiko digu. Arrazoi ezberdinak direla eta, familiak hirira itzuli beharko du, eta guztientzat ez da erraza izango egoera berrira egokitzea. Viggo Mortensen aktore bikaina du protagonista “Captain Fantastic” filmak, eta entretenimendua gogoetarekin eta mezu indartsuekin uztartzen du, AEBtik datozen pelikuletan oso ohikoa ez dena. Filma ostegunean 20:30ean eskainiko da jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertzialaren programazioa larunbatean hasiko da, 19:30ean, “Elle” thriller famatuarekin. Paul Verhoeven (“Instinto básico”, “El libro negro”) zuzendari ezagunaren azken lanak Isabelle Huppert aktorearen antzezpen indartsua aurkezten du, eta kritikak aho batez adierazi du 2016ko pelikularik onenetakoa dela. Hipnotikoa, garratza, nahasgarria, aztoragarria… honelako adjektiboekin deskribatu dute filma adituek, eta Hupperten lana eta Verhoevenen zuzendaritza azpimarratu dituzte. Michéle bideojokoen enpresa bateko langile arrakastatsua da, eta mendekua lortu nahi du ezezagun batek bere etxean eraso egin ostean. “Elle” larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.
Asteburuko bigarren filma “El tiempo de los monstruos” komedia espainiarra izango da. Félix Sabrosok zuzendutako lanak aktore ezagun ugari biltzen ditu, besteak beste, Javier Cámara, Candela Peña, Carmen Machi, Secun de la Rosa, Antonia San Juan eta Pepón Nieto. “El tiempo de los monstruos” ez da pelikula arrunt bat, egitura tekniko eta narratibo bereziak baititu: taldeko pelikula bat da, eta antzezle guzti-guztiek duten onena emanez film eder, dibertigarri eta xelebre bat osatu dute. Victorrek estreinatu gabe utzi dituen hainbat lan grabatu dituela dio. Hil aurretik, bere inguruan biltzen ditu dituen kolaboratzailerik leialenak, hil osteko lana antzezteko. “El tiempo de los monstruos” larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etan hasiko da “El pincel mágico” animazio filma. Film asiar eder eta dotore honek Ma Liang haurraren istorioa aurkezten du; margotzea du maite Ma Liangek, eta bere bizitzako abenturari ekitear dago. Amaigabeko dibertsioa.
Zineklub saio berezia datorren asteazkenean
Zineklubari dagokionez, gogorarazi nahi da pasatu den urriaren 20an arazo teknikoen ondorioz bertan behera utzi ostean, “Sonita” filma azaroaren 2an, asteazkena, eskainiko dela. 20:30ean hasiko da emisioa, eta sarrera doakoa izango da pelikula ikusi nahi duten pertsona guztientzat.
Informazio gehiago behar izanez gero, ikusi ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu