2017 urterako Ordenantzak onartu ditu Ermuko Udalak

04.11.16
Erakundea

Ermuko Udaleko Osoko Bilkurak 2017. urtean indarrean izango diren ordenantza fiskalak onartu ditu PSE-EEren (6) eta EAJren (2) aldeko botoekin. EH Bildu (3), PP (2) eta Irabazi Ermua (1) gobernu taldearen proposamenaren aurka agertu dira, eta Se Puede Ermua Ahal Da (1), berriz, abstenitu egin da.

Carlos Totorika alkateak azaroaren 3an egin den osoko bilkuran aurkeztu ditu azken asteetan garatu diren proposamenak. Azaldu duenez, 2017ko ordenantzak lantzerakoan jarraitu den irizpide orokorra “zero hazkundea” izan da. Horretarako, azkenengo hilabeteetako zero inflazioa hartu da kontuan, baita zerbitzu publikoaren jasangarritasuna ere.

Osoko Bilkurak onartu dituen 31 ordenantzen artean badaude “zero hazkundea” arau orokorra hausten duten salbuespen batzuk. Batetik, zaborraren tasa %5,21 igoko da 2017an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hala erabaki eta adierazi baitu. Bestalde, igandetako haurren zine saioetako sarrerei dagokienez, aldaketa bat egin da. Izan ere, urriaren 18ko informazio saioan azaldu zen moduan, zinema banatzaileek salmentetan prezio altuagoak eskatzen dituzte kalitate handiagoko materiala jaso ahal izateko. Hori dela eta, eta estreinatu berri diren pelikulen kontratazioa errazteko, sarreren prezioa 2,5 euro izatetik 3 euro izatera pasatuko da.

Hobariak eta errekarguak eztabaidagai

Udaleko zinegotziek bi txanda izan dituzte 2017ko ordenantza fiskalen inguruan jasotako proposamenen inguruan eztabaidatzeko. Zeresan gehien eman duen gaietako bat trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren hobariak izan dira. Udalbatzak onartu duen testuan azaltzen denez, historiko gisa katalogatuta dauden ibilgailuek kuotaren gaineko %100eko hobaria izango dute, eta erabat elektrikoek, eguzki-energiaz baliatzen direnek edota hibridoek, aldiz, %10ekoa. Julen Domínguez Irabazi Ermua alderdiko bozeramailearen aburuz, zifra horiek “ez dira nahikoa”, eta %60-75 inguruko hobariak proposatu ditu. EH Bilduko Paul Yarzak ere “zerbitzu publikoak energia berriztagarriak bultzatu” behar dituela defendatu du, hobari handiagoak eskainiz. Bestalde, Jol Gisasola Ermuko EAJko buruak adierazi du bere alderdia zergak ez igotzearen alde dagoela eta, hortaz, ordenantza gehienekin ados daudela, tartean, ibilgailuen zergari dagokion 3. ordenantza.

Eztabaidagai izan da, era berean, titularraren edo erabilera uzteagatik hirugarren pertsonen ohiko bizilekua ez den etxebizitzei ezarriko zaien errekargua. Osoko Bilkurak onartutako testuan esplizituki agertzen diren hamaika salbuespenetan izan ezik, Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kuota likidoaren %50eko errekargua eskatu ahalko du. Ermuko PPko bozeramaileak, Fernando Lecumberrik, jabetza eskubidea defendatu du, eta errekargu horrek ez duela alokairuen merkatuan etxebizitzak jartzea bultzatzen azpimarratu du.

Azkenik, erabilera publikoko lurretan jartzen diren jaietako barrakei, postuei eta abarri ezartzen zaien tasari buruzko 17. ordenantzan aldaketak egin dira. Irabazi Ermua alderdiak hala proposatuta, kuota bat ezarriko zaie zuzenean bide publikotik erabili ahal diren kutxazain automatiko edota finantza entitateetako zerbitzuak burutzeko erabiltzen diren bestelako aparatuak instalatzeko lizentziei. Kuota 2,80 eurokoa izango da metro karratuko eta eguneko, eta urtero kobratuko da.

Zortzi zinegotzi 2017rako proposatu diren 31 ordenantza fiskalak onartzearen alde agertu dira, beraz, 30 egunez jendaurrean erakutsiko da gaurtik aurrera. Erreklamazio, alegazio edo iradokizunik aurkeztu ezean, erabakia behin-betikoa izango da eta testua oso-osorik Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Jarraian azaroaren 3an izandako Osoko Bilkurako irudiak ikus ditzakezue, eta egun gutxi barru eskuragarri izango da saioaren bideoa esteka honetan.

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
2026ko Aurrekontu-partehartzaileen ‘Ermuak Erabakitzen du’ prozesuko bozketa zabalik

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena
Imagen
19.05.25
Gazteria Zerbitzuak 'Uda Gazte Jolasak' proposamena aurkeztu du

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne
Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n