‘Aliados’, Brad Pitt eta Marion Cotillard aktoreen azken lana, protagonista Ermua Antzokiko asteburuko zine programazioan
Iritsi gara jai-giroko abendu honen erdialdera, eta hastear da aste honetako zine programazioa. Ostegunean izango da ohiko zineklub saioa, eta oraingoan José Sánchez-Montes eta Gervasio Iglesias zuzendarien Omega film espainiarra eskainiko da. Enrique Morentek eta Lagartija Nick talde granadarrak 1996an konposatutako “Omega” flamenko-rock disko iraultzailearen inguruko dokumentala da. Estatuan bertan nahiz nazioartean eragin handia izan zuen disko horrek; izan ere, Morentek Leonard Cohen kanadarraren abestiak moldatu zituen eta Federico García-Lorcaren poemei musika jarri zien. Pelikula ostegunean 20:30etik aurrera eskainiko da.
Zine komertziala larunbatean 19:30ean hasiko da Robert Zemeckis zuzendariaren Aliados filmarekin. Brad Pitt eta Marion Cotillard protagonista dituen zinta honek gerra garaiko pasioa eta traizioa uztartzen ditu, Hollywood klasikoa omenduz. Thriller bizi eta erakargarri hau Bigarren Mundu Gerra garaian kokatzen da, eta lankide frantses batekin harremanetan hasten den espioi britainiarraren gorabeherak kontatzen ditu. Emakumea agente bikoitza izan daitekeela ohartuko diote, baina, zerbitzu sekretuek, eta guztia hankaz gora jarriko da Maxentzat. Aliatuek gerra irabazteko eta bere maitalea babesteko edo agerian uzteko borroka egin beharko du. Aliados larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan edota astelehenean 20:30ean eskainiko da.
Asteburuko bigarren filma 1889, Los Últimos de Filipinas izango da, Luis Tosar, Karra Elejalde, Carlos Hipólito eta Eduard Fernández aktoreen eskutik. XIX. mende amaieran, Filipinetako espainiar kolonian, Luzón uharteko Baler herrian soldadu talde bat setiatu zuten matxinatu filipinarrek 337 egunez. 1898ko abenduan, Estatu Batuek eta Espainiak Parisko Hitzarmena sinatuta, bi herrialdeen arteko guda amaitu zen, eta Filipinen eskumena Estatu Batuei utzi zien Espainiak. Hori dela eta, Baler herrian setiatuta gelditu zirenak “Filipinetako azkenak” gisa ezagun egin ziren. Abenturaz eta gerraz betetako zinta entretenigarri hau larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera Disney etxearen azken lana ikusteko aukera izango da, Vaiana 3D, alegia. Duela bi mende Ozeano Bareko uharte batzuetan jazotako istorioa da. Protagonista Moana Waialiki gaztetxoa da, ozeanoak nabigatuz mundua ezagutzeko irrikatan dagoen neskatoa. Marinelen familia bateko kapitain garrantzitsu baten alaba bakarra da Moana. Etxeko txikienentzat benetan gozagarri izango diren musikaz betetako abenturak izango dira ikusgai Vaiana 3D pelikulan.
Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositean.
Lotutako albisteak

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu

Zineklubean ‘Misericorde’ eta haurrentzat 'Minecraft filme bat’ euskaraz emango dira

"Secretos de un crimen" eta "Kaixo Frida" filmek osatzen dute asteko programazioa