Lion eta Loving filmekin amaituko da otsaileko zine programazioa

21.02.17
Ermua Antzokia

Aste honetan amaituko da Ermua Antzokiko otsaileko zine programazioa, lau film berriren emisioarekin. Ostegun honetan, otsailak 23, asteroko zineklub saioa izango dugu Tony Erdmann pelikula alemaniarraren eskutik. Maren Ade zuzendariaren komedia dramatiko honetan, Ines dugu protagonista, Bucaresten kokatzen den jatorri alemaniarreko enpresa handi bateko langilea. Bere bizitza ederki antolatuta dauka, baina bere aita Winfriedek ezustean bisita egingo dio, eta gustura bizi al den galdetuko dio. Galderari ezin erantzunda gelditzean, aldaketak egiten hasiko da. Batzuetan traba egin eta bestetan lotsarazten duen aitak bizitzari zentzua ematen lagunduko dio asmatutako pertsonaia baten bitartez: Tony Erdmann. Pelikula jatorrizko bertsioan azpitituluekin eskainiko da ostegunean 20:30etik aurrera.

Zine komertzialeko programazioa, bestalde, larunbatean 19:30ean hasiko da Garth Davies zuzendariaren Lion pelikularen lehen emisioarekin. Dev Patel, Nicole Kidman, Rooney Mara eta David Wenham aktoreak ditu protagonista, eta Oscar sarietarako sei izendapen eskuratu ditu, tartean, film onenarena. Benetako gertaeretan oinarritutako drama honek Saroo Brierley mutikoaren istorioa kontatzen digu. Bost urte baino ez zituela, Kalkutako kaleetan galdu zen Saroo, etxetik milaka kilometrora. Bidaia luze baten ostean, Australiako bikote batek adopzioan hartu zuen. Hogeita bost urte beranduago, Google Earth erremintaren laguntzarekin soilik, Saroo bere familia biologikoa aurkitzen saiatuko da. Lion larunbataz gain igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean proiektatuko da.

Asteburuko bigarren filma ere benetako gertaeretan oinarritutako drama da. Jeff Nichols zuzendari estatubatuarraren Loving filmak 1958. urteko Virginia estatura eramango gaitu. Arraza ezberdinen arteko bikote harremanak debekatuta zeuden garaian, Mildred emakume beltza Richard Loving gizon zuriarengandik haurdun geldituko da. Hori horrela, bikote maitemindua Washingtonera joango da ezkontzera, euren harremana legeztatu eta izango duten haurrari hezkuntza eta etorkizun ona eman ahal izateko. Arazoa Loving familiak etxera itzuli nahi duenean sortuko da. Pelikula honek Joel Edgerton eta Ruth Negga aktoreak ditu protagonista, eta kritikaren aldetik hitz onak jaso ditu, baita Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendapenak ere. Loving larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etan El regalo de Molly Monster filma eskainiko da. Popo eta Etna Monsterren alaba bakarra eta maitea da Molly. Familia giroan igarotzen du bizitza, bere lagun min Edison jostailu bizidunarekin jolasean. Amak arrautza jarri eta aitak txitatzen duenean, ordea, Mollyk bidaia hasiko du eta familian duen lekua aldatu egingo da. Etxetik urrun joango da, Mendi Oso Oso Basatiak igaro eta Arrautzaren uhartera iritsi arte. Han amarekin eta aitarekin bilduko da, eta bere anaia munstro berria ezagutuko du.

Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
26.11.25
‘Tanttaka'k bizitzaren zailtasunen inguruko endredozko komedia aurkeztuko Antzokian

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean