Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen Kongresu Nazionalaren zazpigarren edizioko partaide da Ermua
“Hiritarrarentzat balio publikoa sortzearen erronka” da aste honetan Madrilen ospatzen ari den Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen Kongresu Nazionalaren (CNIS) VII. edizioaren leloa. Administrazio elektronikoaren inguruan nazio mailan dagoen topaketarik garrantzitsuena da CNIS, eta sektoreko enpresa nagusietako ordezkariak, adituak eta administrazio publiko ezberdinak batzen ditu, tartean, Ermuko Udala.
Administrazio publikoetan eraldaketa digitala nola kudeatu eta konponbide berritzaileak nola erabili eztabaidatzeko foro egokia da kongresu hau, Miguel de Bas zuzendariaren arabera. Izan ere, administrazioa ziztu biziko eraldaketa prozesuan sartuta dago, eta administrazio tradizionalaren eta elektronikoaren arteko desberdintasuna desagertzen ari da araudiaren aurrerapenarekin eta instituzioen garapenarekin. Berrikuntza eta zerbitzu publikoak dira protagonistak, hori guztia posible egiten duten pertsonekin batera.
Testuinguru horretan, Rosalia Herrera Ermuko Udaleko Plangintza Estrategikoko eta Berrikuntzako zuzendariak parte hartuko du kongresuan ostegun honetan, otsailaren 23an. Herrerak “Berruntzaren ABC, herri kudeaketan berrikuntza txertatzeko gida” aurkeztuko du arratsaldean, eta horrekin, Ermua Innpulso sareko III lan-taldearen –Herri berritzaile modeloa- ordezkaria izango da. Talde hori Terrassako Udalak zuzentzen eta koordinatzen du, eta Ermuko Udalarekin oso harreman estua du.
Foro honek errealitate oso ezberdinak bizi dituzten 45 herri eta hirik elkarlanean egindako proiektua aurkezteko aukera ematen du. Helburua jakituria eta arrakasta duten praktikak partekatzea da, gogoeta erraztu eta eztabaida aberasteko. Taldearen orain arteko emaitzak edo lorpenak Berrikuntzaren ABC gida, proiektuak eta praktika onak partekatzeko webgunea eta interesa duten herriei euren berrikuntza maila neurtzeko aukera ematen dien auto-diagnostiko erreminta izan dira.
Ermua Zientzia eta Berrikuntza Hirien Sareko kide da 2011z geroztik, lehenengo deialditik, alegia. Sarea eratu zeneko helburua toki politika berritzaileak aplikatu eta definitu nahi zituzten udalentzat lankidetzarako gunea eskaintzea zen, horren bidez berrikuntza proiektuei bide eman eta enplegua sortzeko.
Bestalde, pasatu den urtarrilean Ermuak berritu egin zuen Innpulso Sareko Zuzendaritza Batzordeko kide izatea. Sarea osatzen duten 55 herrietatik 45en botoa eta babesa jaso zuen organoan jarraitu ahal izateko. Aukera berri horri eta herri asko horiek emandako babesari esker, proiektu berriak koordinatzen, kudeatzen eta bertako enplegu eta enpresak indartzeko jarduera berritzaileak aplikatzen jarraitu ahal izango du Ermuak, baita administrazio eraginkorrago eta herritarrekiko hurbilagoa lortzen ere. Horren guztiaren arabera, erronka sozial eta ekonomiko berriei lehiakortasun eta jasangarritasun gehiagoz aurre egin ahal izango dio gure udalerriak.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n