Abian da 2017ko Aurrekontuak zehazteko parte-hartze prozesua
Hiritarren ustez 2017. urtean lehentasunez landu behar diren arloak zeintzuk diren jakin nahi du Ermuko Udalak. Horregatik, astelehen honetatik aurrera, martxoak 6, parte-hartze prozesua jarriko da abian 2017ko Udal Aurrekontuak zehaztu ahal izateko herriko bizilagunen iritziak, proposamenak, kezkak eta lehentasunak jasotzeko.
18 urtetik gorakoak diren eta Ermuan erroldatuta dauden pertsona guztiek parte hartu dezakete prozesu honetan, eta izena, abizenak eta NANa emanda identifikatu beharko dute.
Herritarren proposamenak datozen egunetan herriko etxe guztietara bidaliko diren galdetegien bitartez jasoko dira. Inkestak Abiapuntuko bulegoetan ere egongo dira eskuragai, eta bertan, Ermuko Udala lantzen ari den ardatz estrategikoak biltzen dira. Horrela, herritarrek estrategia aurrera eramateko lehentasunezkoak edo interesgarrienak iruditzen zaizkien arloak hautatu ditzakete.
Galdetegiak Abiapuntun, Lobiano Kulturgunean, udal liburutegian eta Miguel Ángel Blanco kiroldegian kokatu diren kutxetan entregatu daitezke. Posta zerbitzuetako postontzietan ere utzi daitezke, frankeorik gabe.
Gainera, iaz bezala, herriko puntu ezberdinetan informazio karpak kokatuko dira prozesuaren inguruko xehetasunak ezagutu eta galdetegia entregatzeko. Lekuak eta datak honakoak izango dira:
- Martxoaren 9an eta 16an, osteguna, Patxi plazan eta Santa Anako plazatxoan 18:00etatik 20:00etara.
- Martxoaren 10ean eta 17an, ostirala, San Pelaion eta Sallabenten (hotelaren aurrean), 18:00etatik 20:00etara.
Bestalde, galdetegia online ere bete daiteke udal webgunean esteka honi jarraituz.
Inkestak entregatzeko epea martxoaren 6tik 19ra egongo da zabalik.
Proposamenak aurkezteko epea amaitzen denean, horien bideragarritasuna aztertzeko balorazio teknikoa egingo da. Analisiaren ostean, Udal Gobernuak 2017ko Aurrekontuetan zein iradokizun sartuko dituen erabakiko du, eta hartutako akordioen berri emango du, jarraitu diren irizpideak eta oinarriak azalduz.
Jakinarazi iezaiozu zure iritzia Ermuko Udalari, eta parte hartu ezazu 2017ko Aurrekontuak zehaztuko dituen parte-hartze prozesuan.
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da