‘El Guardián Invisible’ eta Laburbira zirkuitua, asteburuko protagonistak Antzokian

14.03.17
Ermua Antzokia

Martxoa iritsi da jada hilabetearen erdira, eta Ermua Antzokiko asteko zine programazio berriari ongietorria emateko unea iritsi da. Ostegun honetan hasiko da zine aste berria saio berezi baten eskutik. Izan ere, ohiko zineklubaren ordez, Laburbira zirkuitu ibiltaria izango dugu Ermua Antzokian. Ekimenak hamalaugarren edizioa betetzen du aurten, eta zortzi film labur ikusteko aukera eskainiko digu. Euskal Birusa elkarteak antolatzen duen saio honen helburua bikoitza da: batetik, euskarazko sortzaileen kalitatezko lana ezagutaraztea, ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez; eta bestetik, ikusleei geurean sortutako zinearen mokaduez gozaraztea. Laburbira ostegun honetan 20:30etik aurrera izango dugu Ermuan.

Zine komertzialaren programazioa, bien bitartean, larunbat honetan hasiko da Jackie filmaren lehen emisioaren eskutik. Pablo Larrainek zuzendutako pelikula honek Jacqueline Kennedy Ameriketako Estatu Batuetako Lehen Dama ohia du protagonista, eta 1963ko azaroaren 22an Dallasen John F. Kennedy AEBko presidente eta Jackieren senarra hil eta hurrengo egunak nolakoak izan ziren azaltzen ditu. Mundua mutu utzi zuen gertaera horren ostean, Jackie lur jota gelditu zen, baina Lehen Damak egoera horretan pertsona gutxik izango luketen sendotasuna erakutsi zuen. Izan ere, senarra galtzeari aurre egin behar izateaz gain, gertaera horrek munduan izan zuen eraginari aurre egin behar izan zion Jackiek. Natalie Portman da pelikula honetan protagonista, eta filmak Oscar sarietarako hiru izendapen jaso zituen, tartean, emakumezko aktore onenarena. Jackie larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteko bigarren zinta komertziala El Guardián Invisible izango da, Dolores Redondoren izen bereko eleberrian oinarritutako filma, alegia. Baztan ibaiaren ertzetan, Nafarroan, nerabe baten gorpu biluzia agertzen da, duela hilabete gertatutako hilketa batekin lotura izan dezakeen egoeran. Amaia Salazar ikerlariak zuzentzen du ikerketa, eta Elizondora joan beharko du kasua bertatik jarraitzera; betidanik ihes egin nahi izan duen bere sorterrira. Kasuaren aldaketa zailei eta bere mamuei aurre eginez, Amaiaren ikerketa erlojuaren aurka doa, sorginkeria eta sineskerietan aberatsa den toki horretan hiltzaile beldurgarria aurkitzeko. Fernando González Molinak zuzendu eta Marta Eturak antzeztutako filma da El Guardián Invisible, intrigaz eta misterioz betetako bi ordu. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da pelikula.

Haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etatik aurrera Batman, La Lego Película 3D ikusteko aukera izango dute etxeko txikienek. La LEGO Película dibertigarriaren spin-off honek Batman lotsagabea eta arrakastarik gabeko artista du protagonista. Gotham hiria gaizkile arriskutsu baten eskuetatik salbatzen saiatuko da Batman, Joker maltzurraren eskuetatik, alegia. Horretarako, bere lagunekin elkarlanean aritzen ikasi beharko du.

Informazio gehiagorako, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan