Zine espainiarra, asteburuko protagonista Ermua Antzokian
Oporrak hastear ditugu jada, Aste Santua ate joka dugu, baina zine programazioak bere horretan jarraituko du Ermua Antzokian, etenik egin gabe. Osteguneko zineklub saioarekin hasiko da programazioa, eta oso pelikula berezia eskainiko da bertan. Psiconautas, los niños olvidados da, kritika paregabeak jaso dituen helduentzako animaziozko filma, 2017ko animaziozko pelikula onenaren Goya saria eskuratu duena. Alberto Vázquezen komiki original batean oinarrituta dago filma, eta Pedro Riverorekin batera zuzendu du. Etorkizun post-apokaliptiko batean kokatzen da istorioa, zaborrez eta kutsaduraz betetako uharte batean, izaera amorala eta toxikoa duten animalia antropomorfoen artean. Inguru latz horretan, gizarteak baztertuta utzi duen Birdboy mutiko hegaztia Dinki sagutxoaren laguna egingo da. Bat egiteko jaioak diren bi izaki horiek bidaia arriskutsu bati ekingo diote, eta bidean eurak bezalako izaki baztertuekin egingo dute topo, ume ahaztuekin, esaterako. Iluntasunez eta sentsibilitatez betetako pelikula da, eta entretenigarria, poetikoa eta heldua, aldi berean. Psiconautas, los niños olvidados Europako zinearen sarietarako izendatuta dago animaziozko film onenaren sailean. Ermuan ostegun honetan izango dugu ikusteko aukera, 20:30etik aurrera.
Zine komertziala larunbat honetan hasiko da 19:30etik aurrera Incierta gloria filmaren lehenengo emisioarekin. Agustí Villaronga da zuzendaria, Pa Negre eta El rey de la Habana lanengatik ezaguna. Espainiako Gerra Zibilaren garaian, errepublikako ofizial gazte batek emakume alargun bitxi bat ezagutuko du lanean ari den Aragoiko herrixka txiki batean. Sentituko duen emakumearenganako erakarpenak, ordea, nahi ez dituen ekintzak egitera bultzatuko du gaztea. Marcel Borras, Nuria Prim, Terele Pavez eta Juan Diego aktoreak dira, besteak beste, Incierta gloria filmeko protagonistak. Pelikula iradokitzailea da, memoria, ahanztura, indarkeria eta pasioa uztartu eta bukaeraraino harrapatzen duena. Larunbataz gain, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da filma.
Asteburuko bigarren zinta ere espainiarra da: Adolfo Martínezek zuzendu eta Raúl Mérida eta Ariadna Gil handiak protagonista dituen Zona hostil. Tropa espainiarrek Afganistanen eskoltatzen duten konboi amerikar baten inguruan mina bat lehertu da. Erreskate operazioak porrot egin du, eta orain, harrapatuta gelditu direnek eta erreskatera doazenek bat egin beharko dute euren bizitzak salbatzeko. Zona hostil tentsioz eta suspensez beteriko gudako filma da, teknikoki eta narratiboki ongi egina, eta ikus-entzuleak entretenitzeko sortua. Lan honetako akzioa eta adrenalina larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango dira ikusgai.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera Teresa eta Galtzagorri filma eskainiko da. Dibertsioa bermatuta dago etxeko txikienentzat.
Azkenik, gogorarazten dizuegu oraindik ere erosi daitekeela hileko bonoa Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokian, eta apirilean 16,8 euroko prezioa duela.
Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazue Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan