II. Errepublika aldarrikatu izanaren 86. urteurrena gogoan Ermuan
Ostiral honetan, apirilak 14, 86 urte beteko dira Bigarren Errepublika aldarrikatu zenetik. Egun berezi eta errebindikatzaile horretan, Ermuko Udalak ekimen ezberdinak burutuko ditu.
Udaleko Osoko Bilkurak Irabazi Ermua talde politikoak aurkeztutako mozio bat onartu zuen pasatu den martxoaren 28ko saioan. Bertan, ostiral honetarako, apirilak 14, konpromiso batzuk hartzen ditu Udalak. Honako hiru puntuak onartu dira, zehazki:
- 1936ko uztailaren 18an Espainiako II. Errepublikako gobernuaren aurka egindako altxamendu militarra kondenatzen da.
- Apirilaren 14an Errepublikako bandera izango da udaletxean, II. Errepublika defendatu zuten pertsona guztien eta hasi zuten aro demokratikoaren omenez.
- Altxamendu militarrean nahiz gerraostean errepresio frankistaren biktima izan ziren pertsona guztiei omenaldia bultzatuko du Udalak.
Mozioa onartu egin zen PSE-EE (6), EH Bildu (1), EAJ (3), Se Puede Ermua Ahal Da (1) eta Irabazi (1) alderdi politikoen babesarekin, eta PPren (2) abstentzioarekin.
Bestalde, PSE-EEk zuzenketa bat proposatu zuen Irabaziren mozioaren hirugarren puntuan honako esaldia gehitu ahal izateko: Gainera, pertsonen bizitzeko eskubidearen eta askatasunaren aurkako edozelako indarkeria ekintzak kondenatzen dira, edozein lekutatik datozela ere”.
Zuzenketa hori onartu egin zen PSE-EE (6), EAJ (3), Se Puede Ermua Ahal Da (1) eta PP (2) alderdien botoei esker; EH Bildu (1) eta Irabazi (1), aldiz, aurka agertu ziren. Julen Dominguez Irabazi alderdiko bozeramaileak azaldu zuenenez, “esaten denarekin ados egon arren, aurka bozkatu dugu mozio honetan lekurik ez duelako; hemen Errepublikanoen eta demokraziaren alde borroka egin zutenen inguruan hitz egiten da”.
Horrela, ostiral honetan, apirilak 14, Errepublikako bandera jarriko da udaletxean, Errepublika izateko eskubidea erreklamatzeko, garai hartako udaletako alkate eta zinegotziak omentzeko eta Bigarren Errepublikaren aurkako kolpe frankista salatzeko.
Martxoaren 28ko Osoko Bilkuran izandako eztabaidaren bideoa ikusi dezakezue lerro hauen azpian (12. eta 13. puntuak).
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua