Maiatzaren 23an San Antonio aparkalekua hutsik egin beharko du, trenbideko obrekin aurrera jarraitzeko
Trenbidea bikoiztu, bere ibilbidea aldatu zati bat lur-azpitik sartzeko eta geltoki berria egiteko Ermuan egiten ari diren lanek aurrera jarraitzen dute. Lanak aurrera doaz Tecsa-Campezo-Geotunel Aldi Baterako Enpresa Elkarteak -UTE-ak aurreikusitako epeei jarraiki eta datozen asteetan hainbat mugarri berri beteko dituzte. Taldea San Antonioko aparkalekuaren ingurunean lanean dabil 634 errepide nazionalaren gainetik, hori zeharkatuko duen zubiaren oin edo euskarriak prestatzeko eta gure herritik doan Donostia-Bilbo arteko tren bidezko komunikazio zerbitzua eskaintzen segitzeko. Zubi alternatibo hori prest dutenean zaharra eraitsi eta kendu egingo dute.
Horrek lan guztiak segurtasunez egin ahal izateko aparkalekua ia osorik hustu egin behar da, beheko zatia erabat eta goikoan beste hainbat leku gehiago. Aparkalekua hutsik behar du egon maiatzaren 23ko martitzenaren goizeko 8etarako. Orain artean, aparkalekuaren erdia hartu eta erabili izan da materiala nahiz makineria lagatzeko. Laster, errepide gainetik pasako den aldi-baterako zubi-bidea muntatzen hasiko dira, behin-betikoa egin ahal izateko aukera emango diena. Horretarako, trenaren gaur egungo ibilbidea zertxobait desbideratu behar izango dutelarik.
San Antonio hustu izanak obrako kaleen inguruan aparkaleku urritasuna ekarriko duela aurreikusita, aldi batez Izelaieta kalean kokatzea pentsatu da, orain arte oinezkoentzat zen kalera, non 26 autorentzako lekua atontzea pentsatu den. Plaza horiek denbora batez mantenduko dira, San Antonioko aparkaleku propioa berrireki artean. Aipaturiko lekuak prestatu ahal izateko, kalean zeuden zakarrontziak zerbitzuz kanpo utziko eta San Antonio okindegiaren aurreko espazioan jarriko dira ordezko ontziak. Udalak auzoaren ingurunean eta ahal den hurbilen aldi-baterako beste aparkaleku batzuk egokituko ditu (Bizkaia Etorbidean, Lomi-poweren, eta abar) San Antoniokoa hustu izan beharrak sortzen dituen eragozpenak eta afekzioa gutxitzeko.
Obrak eragindako herritarrek hustu beharreko data eta dauden aukerak ezagutarazteko informazio kanpaina hasita
Udal Bulego teknikoak, bestalde, martxoan hirigintzako arduradunek auzotar eta herritarrekin egindako bileran harturiko konpromisoak betetzen hasi da, aldi-baterako egoerara ahalik eta eragozpen maila gutxienarekin jauzia egiteko. Adostutako gauzen artean hasi berri den informazio kanpaina eta aparkalekuak zehazten dituzten planoak aterietan jartzearena zegoen; lurrazpiko edukiontziak zerbitzuz kanpo jartzea; haurren jolas eta parke aurrean hesiak jartzea erabiltzaile eta umeek bidera zuzenean irteterik izan ez zezaten; Tic-tac taberna ohia eta etxe zaharreko pasabidea egokitzea eta argi gehiago jartzea, Izelaieta kaleko ibiak aztertzea eta horietan ispiluak jartzea sartu-irteera maniobrak ez eragozteko.
Horrez gain, proiektua esleituriko enpresek Bizkaia Etorbidean egitura babesgarria jarri dute, trenbidea pasatzen zen zubiaren azpian eta ondoko zatian, non linearen desbideratzea egin ondoren pasako den euskarrietako bat egingo den lekuan. Egitura horren gainean oholak jarri dira, edozer jausiz gero geldi dezan eta argiak jarri zaizkio azpian, pertsonek pasabide segurua izan dezagun, gune beltza bihurtzen utzi gabe.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da