Eguzki energia, lagun paregabea gure sukaldeetan
20 eta 71 urte arteko 15 pertsonek parte hartu dute Ermuko Udaleko Ingurumen Sailak antolatutako eguzki labeen eraikuntza eta erabilera ikastaroan. Javier Crespo Martín ermuarra izan da tailer horretako irakaslea, eta eguzki energiak sukaldean izan ditzakeen onurak ikasi eta euren eguzki labeak eraiki dituzte parte-hartzaileek.
Ikastaro horren helburuak elikagaiak prestatzeko modu ezberdinak ezagutzea, eguzki energia elektrizitatearen eta gasaren alternatiba gisa bultzatzea, pertsonei eguzki labeen erabilera erakustea eta etxeetara iristen diren elektrizitate fakturak murriztea dira.
Tailerra maiatzean burutu da Izarra Centre eraikineko laugarren solairuko geletan. Javier Cresporen ikasleek 12 orduko teoria jaso dute, eta 3-4 orduko klase praktikoarekin amaitu dute ikastaroa. Azken atal hori maiatzaren 25ean egin zen Izarra Centreko laugarren solairuko terrazan, eta eguraldia kontuan izan zuten data hautatzean.
Ikasleek egun horretan ikusi zuten moduan, eguzki labeek edonolako platerak prestatzea ahalbidetzen dute, CO2 emisiorik eragin gabe eta argindarrik kontsumitu gabe; beraz, kutsadura murrizten laguntzen dute. Crespo irakasleak azaldu dien moduan, eguzki labeen erabilera oso erraza da, eta urteko hilabete guztietan erabili daiteke. Gainera, kilo bat baino gutxiago pisatzen du, ez da diru asko behar eraiki ahal izateko eta ez da arriskutsua, labearen kanpoko atalek ez baitute erretzen.
Ingurumen Saila ikasleen artean banatutako inkestak jasotzeko zain dago, baina praktika egunean jasotako hitzen arabera, ikastaroarekin izandako asebetetze maila oso altua izan da, bai metodologia aldetik, baita irakaslearen erakusteko gaitasunaren aldetik ere.
Pasatu den maiatzaren 25an, osteguna, Izarra Centren izandako jardunaldi praktikoaren irudiak uzten dizkizuegu.
Lotutako albisteak

Ermuan intsektuaren arrautza oso gutxi aurkitu dira, baina lagundu egin behar dugu eta ez dugu ura pilatzen utzi behar

Informazio eta parte-hartze saioa astearte honetan, ekainak 10, izango da 18:30ean Lobiano Kultur Gunean

Debabarrenak etxera bidaliko ditu jaso ez diren txartelak