Ermuko Saihesbidearen lanek urtebeteko atzerapena metatu dute

15.06.17
Hirigintza

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du egun duen kostua aurreikusitakoa baino %10 gehiago dela

Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietan izan da asteazken honetan, Ermuko Hegoaldeko Saihesbidearen lanen aurrerapenen berri emateko. Pradalesek azaldu duenez, urte honen amaieran zabalduko da errepidea, pasatu den azaroaren 25ean Uretamendiko tunelaren zulaketan iragarri zen moduan.

Bestalde, foru diputatuak ezagutara eman du obrak, bere osotasunean, gainkostuak eta urtebeteko atzerapena pilatu dituela. Uretamendiko tunelak 37,7 milioi euroko eta 24 hilabeteko epean esleitu zen, eta egun %8,9 garestituta eta 9 hilabete atzeratuta doa.

Beko Erreka zatiari dagokionez, 30 milioi euroko eta 32 hilabeteko epean esleitu zen. Egun, %9,3 garestitu da, eta urtebeteko atzerapena darama.

Horrela, obra osoak 67,8 milioi euroko aurrekontua zuen arren, 73 milioitik gorako kostua izango du.

2014ko uztailaren 21ean esleitutako proiektuaren atzerapenaren eta gainkostuaren arrazoiak, lanek aurrera egin ahala aurkitutako arazo geoteknikoak izan dira. Batetik, Uraren Euskal Agentziak (URA) autobideko ordainlekua aldatzeko eskatu zuen ibaiari kalte egiten ziolako; bestetik, Eusko Trenbide Sareak (ETS) trenbide-pasagunea automatizatzeko exijitu zuen; eta azkenik, Bilbao-Donostia burdinbidearen gainera ezponda erori izanak eta Uretamendiko tunelen irteeretako bat indartzeko egindako lanek eragina izan dute hasierako epeetan eta kostuetan. Izan ere, Pradalesek azaldu duenez, arazoen ondorioz 2015eko irailetik 2016ko ekainera atzeratu zen obren hasiera.

Amaitzeko, diputatuak adierazi du behin aldaketetara egokituta, lanak aurreikusita bezala doazela aurrera.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
03.04.25
San Antonioko igogailuaren obrak, hasierako lanetan

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak
Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da