Eraikinen Azterketa Teknikoa aurkezteko epea zabaltzear da
50 urte edo gehiago dituzten eraikinek Eraikinen Ikuskapen edo Azterketa Teknikoa (EIT) pasatu beharko dute astearte honetatik aurrera, ekainak 27, eta 2018. urteko ekainaren 27ra bitartean.
EIT azterketa Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzen den tresna da, eta Estatuko araudiaren arabera gainerako autonomia-erkidegoan erabiltzen den Eraikinen Ebaluazio Txostenaren (EET) baliokidea da. Bi tresna horiek helburu bera dute, eta ikuskaritza-atal berberak ere bai: Kontserbazioa, Irisgarritasuna eta Eraginkortasun Energetikoa.
Ermuko Udaleko Bulego Teknikoak euskal araudiak zehaztutako datak gogorarazi nahi dizkie herritarrei, euren betebeharrei denbora nahikoarekin heldu diezaieten. Izan ere, 50 urte edo gehiago dituzten eraikinek EIT dokumentua udal erregistroan aurkeztu beharko dute azaldutako epea amaitu baino legen, EUSKOREGITE Euskadiko Eraikinen Azterketa Teknikoaren plataforman erregistratu ahal izateko.
Irailean, Udaleko Hirigintzako Diziplina alorrak informazio kanpaina bat jarriko du abian, gutun bitartez kaltetuta egon daitezkeen eraikinen jabeei erregistroan EITa aurkezteko beharra azalduz. EITa osatzeko, jabeen komunitateek teknikari bat kontratatu beharko dute dokumentua idazteko eta artxibo digitalak (XML) telematikoki aurkezteko.
Aurkeztutako EIT horrek oinarrizko irisgarritasun-baldintzen ebaluazioa eta eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria jaso beharko ditu, 2013ko urriaren 15eko Aginduan xedatutakoaren arabera (2013ko azaroaren 18ko EHAA, 219 zenbakikoa).
Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzak eskatzeko, eraikina kontserbatzeko, irisgarritasun unibertsala bermatzeko edo eraginkortasun energetikoa lortzeko lanak egin nahi duten jabeek EIT azterketa egin beharko dute laguntzaren eskaera egin aurretik, eraikinak edozein antzinatasun duela ere.
Informazio gehiago eskuratzeko, ikus ezazu Etxebideren webgunea.
Lotutako albisteak

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Miguel de los Toyos Etxebizitza sailburuordeak eta Beatriz Gamiz alkateak proiektuaren egoera eta elkarlanerako bide berriak aztertu dituzte Ermuan egindako bileran