Ciencia en Acción lehiaketako finalean hiru ikastetxe ermuar izango ditugu

12.07.17
Hezkuntza

"Ciencia en Acción 2017" lehiaketaren aurtengo edizio gero eta hurbilago dugu. Deialdiari jarraiki 442 lan aurkeztu izan dituzte eta proposatutakoetatik epaimahaiak 164 ontzat eman ditu eta finalean izateko txartela eskuratu dute, zeina urriaren 6-7an gauzatuko den Ermuko Izarra Centre eraikinean. Esan bezala, ondorengo hiru ikastetxe ermuar izanen ditugu finalean: Colegio San Pelaio Ikastetxea; Anaitasuna Ikastola eta ermua eta Mallabiko LHIKa.

Gure herriko hiru ikastetxeek beste horrenbeste modalitateetara aurkeztu dira: Fisika eta Kimikako erakustaldiak; ‘Eszenaratzea’ eta, azkenik, ‘zientzia eta teknologia’. Fisika eta Kimikako atalean Anaitasuna Ikastaolakoek bina proposamen defendatuko dituzte “Botilan gora doan ura” eta “Eztandarik egiten ez duen puxika” fisikakoari dagokionean eta “Azukrezko piruleta kristalizatuak” eta “Esperimentatzen” kimika atalean. Irakasle arduraduna Agurtza Totorika da.

Zientzia eta Teknologiakoari dagokionean, San Pelaio ikastetxeak “Challenger dema” tituluko proposamena defendatuko du, Sandra Zuazua irakaslearen zuzendaritzaz. Azkenik, Ermua eta Mallabiko Oinarrizko Lehen Heziketako udal Ikastegiak “Enterprise” izenekoa defendatuko du, horren ardura eta gainbegiratzea, Mari Feli Aranburu irakasleak izango duelarik.

Aurkeztutako proposamen gehienak Espainiakoak izan badira ere, tartean Frantziako, Portugaleko, Kolonbiako eta EEBBetako ikastetxeetatik bidalitakoak badaude. Eszenaratze atala eduki zientifikoko antzezpena da, zientzia modu ez-formal, dibertigarri eta ezohikoan aurkezteko. Ermuko hiru ikastetxek finalerako sailkatu izana pozik eta harro egotekoa da, ikasleak zientziara modu atsegin eta ulerterrazera hurbiltzeko irakasleen inplikazio eta dedikazioa agerian jartzen baitu. Ermuarren proiektuak nahiz beste 150 bat ikusi eta ezagutzeko aukera izango dugu urriaren 6an eta 7an gure herrian bertan.

“Ciencia en Acción” programak zientzia eta teknologia jende arrunta eta erabiltzaile xumeengana hurbildu nahi du, modu dinamiko eta entretenigarri baten bidez beregana ditzaten. Xede behinena zientzia erakargarri eta suspertzaile egitea da, gazteek eta herritarren gehiengoak horrekiko interesean eragin eta hori pizteko. Aurtengo edizioan esperimentuak ikusi eta hitzaldiak jarraitu ahal izango ditugu Izarra Centre eraikinean. Sarrera, 5., 6. eta 11. solairuak erabiliko direlarik ekitaldiak gauzatzeko. Sariak banatzeko ekitaldia urriaren 8ko igandean egingo da Eibarko Coliseo antzokian, herri gipuzkoarra Ermuarekin bat egoitza partekatuko baitute 2017 honetan. Hortaz, adi egon eta anima zaitezte azoka eta erakusketara etortzen. Finalean sartze lortu izan duten lan guztien zerrenda ikusteko, saka lasterbidearen gainean, zeinak Ciencia en Acción programako webgunera eramango zaituen.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
25.06.25
Ermuko Udalak II. Haur eta Nerabeen Tokiko Plana onartu du

Sei helburu orokor eta 30 ekintza zehatz jasotzen ditu dokumentuak 2025-2028 epealdirako
Imagen
17.06.25
'Ermua, Hiri Lagunkoia’ taldeak eta LHko ikasleek espazio publikoetako bizikidetzari buruzko gogoeta egin dute

Belaunaldien arteko tailerren bidez gatazkak saihesteko formulak landu dituzte