25 neska-mutil, Ermuko robotika tailerretan parte-hartzaile

01.09.17
Ekonomi Sustapena

Debabarrenako udalek eta Debegesak elkarlanean antolatu duten Gazte Robotika hezkuntza egitasmoa Ermura iritsi da aste honetan. 8 eta 16 urte arteko 25 neska-mutilek parte hartzen dute abuztuaren 31tik irailaren 6ra bitartean Izarra Centreko seigarren solairuan eskaintzen diren robotika tailerretan.

Ekimen honen helburua haur eta gaztetxoen artean bokazio teknikoak sustatzea da, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea.

Jarduera robotikaren arloan aditua den Doplay enpresak dinamizatzen du, eta bertan, parte-hartzaileek taldean lan egin, ikasi, jolastu eta ongi pasatzen dute teknologiarekin, robot bat eraiki eta programatuz. Robotika arloaz gain, bideojokoen sorkuntza ere lantzen du tailerrak.

Ermuko Udalak urteak daramatza bokazio teknikoak bultzatzearen alde lanean, Campus Teknologikoak, robotika tailerrak, ETEn erronkak ikasgelan eta 3D inguruneko bideojokoak diseinatzeko tailerrak antolatuz. Oraingoan, Gazte Robotika egitasmoarekin bat egin du 3.850 euroko laguntza ezarriz.

Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa

Robotika tailerretako parte hartzaileak gogotik ari dira lanean egunotan Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketarako erronkak eta robotak prestatzen.

Euskadi Robotika izeneko lehiaketa Eibarko Astelena pilotalekuan izango da, eta bi ataletan banatuko da: batetik, lehiatzeko gunea, eta bestetik, erakusketarakoa. Robotikaren eta teknologia berrien inguruko espazioa eskaintzea da xedea, haurrak eta gazteak robotikan eta programazioan lehen pausoak ematera, taldean lan egitera eta arazoak konpontzera bultzatuz.

Gazte Robotika tailerretan parte hartzen duten pertsonek lehiaketa horretan aurkeztu ahalko dituzte euren lanak. Txapelketa irailaren 23an izango da, larunbata.

Izarra Centren burutzen ari diren tailerren irudiak uzten dizkizuegu.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren