Partekatzea, 2017ko Mugikortasunaren Asteko ardatz nagusia

13.09.17
Hiritarren Segurtasuna

Ermuak Mugikortasunaren Europar Astean parte hartuko du aurtengo edizioan ere, irailaren 16tik 22ra bitartean. 45 herrialdetako 2.000 herri eta hiri baino gehiagotan ospatuko dute ekimena, bai kontinente zaharrean, baita munduko beste hainbat tokitan ere, Argentinan eta Japonian, esaterako.

Aurtengo ediziorako hautatu den leloa “Partekatuz gero urrutira iritsiko zara” da, eta mugikortasun garbia, partekatua eta inteligentea ditu ardatz. Hori horrela, hiritarren artean garraio publikorako estrategia berriak bultzatzeko helburua duten ekimenek osatzen dute programa.

Ermuko Udalak hamalaugarren urtez jarraian egin du bat Mugikortasunaren Europar Astearekin, eta herriko pertsona guztientzat moduko programa antolatu du, baina batez ere gaztetxoenen gozamenera eta hezkuntzara zuzentzen da.

Lehenengo ekimena igande honetan burutuko da, irailak 17, herriko kaleetan zehar igaroko den ibilaldi zikloturistaren eskutik. Adin guztietako pertsona guztiak gonbidatuta daude jarduera honetan parte hartzera. 10:00etan hasiko da ibilbidea Orbe Kardinala plazan, eta bertan izango du amaiera herrian zehar martxa alaia egin ostean. Parte hartzeko behar den bakarra bizikleta, kaskoa eta arropa egokia da, eta Ermuko Txirrindulari Elkartea, Urko BTT eta Ermuko Udaleko Hiritarren Segurtasun Alorra arduratuko dira guztia zaintzeaz.

Eskulanak, hitzaldiak eta bizikletak

Ermuko ikastetxeetako neska-mutilek mugikortasunarekin lotutako jardueraz betetako astea izango dute irailaren 18tik aurrera, astelehena. Izan ere, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek bide-segurtasunaren inguruko marrazketa eta eskulan tailerra izango dute Antxitxiketan aisialdi taldearen laguntzarekin. Marrazki horiekin, gainera, erakusketa egingo da hilaren 22an, ostirala, Merkatu Plazan.

Bestalde, 6. mailako ikasleek bi gurpilen gainean duten abilezia eta trebetasuna erakutsiko dute Aritzmendi frontoian kokatuko den bizikleten zirkuituan. Ikasle bakoitzak bizikleta, kaskoa eta arropa egokia eraman beharko ditu jarduera horretarako, eta Ermuko Txirrindulari Elkarteko kideek dinamizatuko dute ekimena.

Gainera, aurreko urteetan bezala, irailaren 18tik 22ra “Oinez Eskolara” ekimena burutuko da Eskolabarriren laguntzarekin. Horren helburua haurren autonomia eta eskolara bakarrik joatea bultzatzea da, gurasoek lagundu beharrik izan ez eta eskolara igotzeko garraiorik hartu ez dezaten.

Ikastetxeetatik at egingo diren ekimenei dagokienez, astelehenean, hilak 18, “El reto de la seguridad vial: un camino de ida y vuelta” hitzaldia izango da Lobiano Kultur Guneko entzunaretoan 19:00etatik aurrera, Stop Accidentes elkartearen eskutik.

Azkenik, irailaren 19an, asteartea, Baibike tailer praktikoa eskainiko da bizikletaren inguruan gehiago jakiteko. Saioa Lobiano Kultur Guneko ikus-entzunezkoen aretoan izango da 16:00etatik aurrera.

Programa osoa lerro hauen ostean ikus daitezkeen irudietan kontsultatu daiteke.

Gainera, Mugikortasunaren Europar Astearen barne dauden ekintza guztiak astearte honetan aurkeztu dira Gai Orokorren eta Osoko Bilkurak aztertu beharrekoen Informazio Batzordean, eta saioaren bideoa nahiz dokumentazio osagarria hemen ikus daitezke.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko
Imagen
Semáforo Kaltxango-Avenida Bizkaia semaforoa
14.04.25
Kaltxangoko semaforoak konpontzeko lanak

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan