Irakurketa klub digitalak liburutegiak antolatutako gaztetxoentzako jardueren eskaintza indartu du

14.09.17
Udal Liburutegia

Ermuko udal liburutegiak, Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean, 9 eta 11 urte arteko neska-mutilentzako bi irakurketa klub antolatu ditu.

Lehenengo taldea paper formatuko irakurketakoa izango da, eta horren helburua euskaraz nahiz gazteleraz irakurtzea atsegin duen lagun taldea sortzea da. Parte-hartzaileek ipuinak, komikiak, olerkiak edo istorioak irakurri eta, ondoren, guztien artean komentatuko dituzte. Gainera, sormenarekin eta literaturarekin zerikusia duten beste ekintza batzuk ere burutuko dira.

Guztira zortzi saio izango dira, urritik maiatzera bitartean hileko asteazken batean. Bilera guztiak Lobiano Kultur Gunean izango dira 17:30etik 18:30era honako egunetan: urriaren 18an, azaroaren 15ean, abenduaren 13an, urtarrilaren 17an, otsailaren 21ean, martxoaren 14an, apirilaren 11n  eta maiatzaren 16an. Saio bakoitzean liburu bat izango da hizpide, eta guztira euskarazko 6 liburu eta gaztelerazko 2 irakurriko dira. Honako hauek dira:

  • Atzeraka nabil (Lutxo Egia)
  • Irribarrea zabaltzeko ipuinak (Juan Kruz Igerabide)
  • Barruko leihoak (Pello Añorga)
  • El pequeño Nicolás (René Goscinny)
  • Nur eta magia kanpamentua (Toti Martínez de Lezea)
  • Hilda y el gigante de medianoche (Luke Pearson)
  • Txiukue (Alaitz Olaizola)

Ekimenaren gidaria Onintze Goitiz idazle eta ipuinkontalari bilbotarra izango da.

Bestalde, liburutegiak gaztetxoentzako irakurketa klub digitala antolatu du, baita ere 9 eta 11 urte arteko haurrei zuzendua. Kasu honetan, helburuak irakurzaletasuna sustatzea, irakurketa modu zabalean proposatzea (testuala eta ikus-entzunezkoa) eta teknologia berriak, irakurketa eta kultura lotzea dira. Saioetan, parte-hartzaileek tablet bana izango dute euren eskura, liburutegiak eskainita, ekintza desberdinak burutu ahal izateko. Irakurri eta komentatuko duten liburua Fernando Morillok idatzitako Maddi eta euskal piratak izango da.

Irakurketa klub hau urritik abendura burutuko da hamaika saiotan (bi saio hilean). Bilerak larunbat goizetan izango dira, 10:30etik 12:00etara Lobiano Kultur Gunean, eta Onintze Goitiz idazlea izango da saio hauetan ere gidari eta dinamizatzaile. Data zehatzak honakoak dira: urriaren 21a, azaroaren 4a eta 18a, abenduaren 2a eta 16a, urtarrilaren 20a, otsailaren 3a eta 24a, martxoaren 19a, apirilaren 14a eta maiatzaren 5a.

Jarduera hauetan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da irailaren 22a baino lehen izena ematea liburutegian bertan, 943 17 92 12 telefono zenbakian edota biblioteca@udalermua.net helbide elektronikoan honako datuak eskainita: izen-abizenak, liburutegiko bazkide txartelaren zenbakia, jaiotze-data, ikastetxea eta gurasoetako baten helbide elektronikoa. Plazak mugatuak dira eta zozketa bidez esleituko dira, eta betiere lehentasuna izango dute Ermuan erroldatutakoek eta aurreko ikasturtean parte hartu ez duten umeek. Onartuen zerrenda liburutegiaren mikrositean iragarriko da irailaren 25ean.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ivan Repila idazleak amaiera emango dio irakurketa klubari, saio irekian

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean
Imagen
14.05.25
'Las maravillosas olvidas' tituluko poesia erretaldia

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.
Imagen
Ipuin kontaketa saioa antolatu du Liburutegiak
06.05.25
Denboraldiko azken "Arratsaldean Kontu Kontari" ipuin saioa

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean