Ongarai, Anaitasuna eta Haurreskola, instalazio berrituekin ikasturte hasieran

21.09.17
Hezkuntza

Ermuko Ongarai Eskola, Anaitasuna Ikastola eta Haurreskola zentroen instalazioetan hobekuntza lanak egin dira abuztuan zehar, 2017/2018 ikasturtea modurik onenean estreinatu ahal izateko.

Hiru aldaketa egin dira Ongarai eskolan. Batetik, ikastetxeko estalki osoan baldosa bereziz osatutako isolamendu termikoa jarri da, eraikin osoaren portaera termikoa hobetu ahal izateko. Gainera, zubi termikoek eragiten zituzten kondentsazioak ekiditeko, polydros isolamendua kokatu da kanpoko aldearekin lotura duten ikasgeletan.

Bestalde, eskolako jangelan, ekitaldi-aretoan eta gimnasioan ez zuten aireztapen nahikorik, eta giro oso hezea eta kargatua sortzen zen. Hori horrela, aireztapen sistema irmoak instalatu dira aipatutako arazoa konpontzeko makinaria eta hodiekin. Horrekin, iazko udan hezetasuna konpondu asmoz hasitako obrei amaiera eman zaie.

Lan horiek guztiek 167.831 euroko kostua izan dute Udalaren ohiko aurrekontuan, baina kopuru horretatik 100.698 euro Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza 2016 programaren diru-laguntzarekin ordaindu dira.

Mantentze lanak eta espazioen egokitzapena Anaitasuna Ikastolan

Anaitasuna Ikastola izan da abuztuan zehar obra eta aldaketa gehien jasan dituen eraikina. Lan erdiak eraikinak mantentzeko aurrekontu arruntaren bitartez egin ahal izan dira (19.538 euro). Esaterako, ikastetxeko atarietako batean zegoen biltegi batean komun bat eraiki da, mugikortasun urriko pertsonei egokitua eta biltegi bezala erabiltzen jarraitzeko nahikoa espazio uzten duena.

Gainera, ikastetxera sartzeko bide ezberdinetan argiztapena indartu da ordura arteko instalazioa hobetzeko, kontsumoa murrizteko (LED argiak kokatu dira) eta ikastola erabiltzen duten pertsonen erosotasuna areagotzeko. Era berean, fatxadaren alde bat itxi egin da neska-mutilak igo ahal izatea ekiditeko eta erotzeko arriskua ezabatzeko.

Bestalde, Ermuko Udalbatzak uztailaren 20ko Osoko Bilkuran 17.817 euroko kreditu gaikuntza onartu zuen ikastolan honako beste hiru lanak egiteko:

  • Nesken nahiz mutilen aldageletan banakako kabinak jarri dira, dutxatzean eta arropaz aldatzean norberaren intimitatearen babesa bermatzeko.
  • Estalitako patioko bi aldetan polikarbonato zeharrargiko panelez osatutako babesak jarri dira, patioaren erabilera baldintzak hobetzeko eta euria eta haizea sartzea ekiditeko.
  • Trantsizio atari bat eraiki da gimnasiotik ikasgela batera iristen ziren zaraten arazoa konpontzeko, betiere ebakuaziorako ibilbidea eta igarotzeko baldintzak errespetatuz.

Espazio berriak Haurreskolan

Azkenik, Haurreskolaren instalazioetan ere hobekuntza lan garrantzitsuak egin dira 11.994,73 euroko kontratu txiki baten bitartez. Lehenengo obra larrialdiko irteera baten eraikuntza izan da; horretarako, ate nagusiaren irekiera norabidea aldatu da eta eskaileren inguruan eta beheko solairuan beste irteera ate bana kokatu dira.

Gainera, bi logela berri eratu dira aurrez zegoen gela handi bat zatitu ahal izateko, eta aurrez sukaldatutako janaria prestatzeko hiru ofizio berri ere eratu dira. Azkenik, haurren kotxeak aparkatu ahal izateko barra berri bat kokatu da.

Aipatutako obren inguruko xehetasun guztiak irailaren 19ko Informazio Batzordean eskaini dira. Jarraian ikusi dezakezue saioaren bideoa:

Ondoren ikastetxeetako obren irudiak ikus ditzakezue.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
25.06.25
Ermuko Udalak II. Haur eta Nerabeen Tokiko Plana onartu du

Sei helburu orokor eta 30 ekintza zehatz jasotzen ditu dokumentuak 2025-2028 epealdirako
Imagen
17.06.25
'Ermua, Hiri Lagunkoia’ taldeak eta LHko ikasleek espazio publikoetako bizikidetzari buruzko gogoeta egin dute

Belaunaldien arteko tailerren bidez gatazkak saihesteko formulak landu dituzte