Musika baxua etxeko txikienentzat
2 Princeses Barbudes bikoteak Gaueko Entziklopedia Koxkorra haurrentzako musikala eskainiko du larunbat honetan Ermua Antzokian. Ordubeteko iraupena du antzezlan berezi honek, eta musika ikuskizuna, antzerkia, ikus-entzunezko poesia eta klown ukituak uztartzen ditu, familia guztiarentzat moduko lana aurkeztuz.
Esan genezake printzesak abestu egiten duela eta bizardunak mikrofonoak jarri. Baina era berean esan genezake emakume bizardunak marraztu eta printzeak akordeak jotzen dituela. Horra hor: printzesa den bizardun bat eta bizardun den printzesa bat, hori bai egia! Gitarra arrosa, igel-maraka eta plastikozko tronpeta artean Marc Marcé eta Helena Casas antzezleek musika baxua joko dute jende baxuarentzat (eta ez hain baxuarentzat). Horrela, bidaia musikal honetan, 2 Princeses Barbudes taldeak abesti ezagunak gogoaraziko dizkigute %100 jostailu diren pilarik gabeko tresna txikiekin.
2 Princeses Barbudesen abestiek gaueko piztiei, astronomia irakaskuntzei, hortzak eramaten dituzten saguei eta gau ona igarotzeko tramankuluei buruz hitz egiten dute.
Enciclopèdia Baixeta de la Nit deitzen da jatorrizko lana katalanez, eta 2014an estreinatu zen. Urte berean, Ainhoa Aranburuk euskarazko egokitzapena egin zuen; beraz, Jordi Farrés eta Ingrid Domingok zuzentzen duten antzezlana euskaraz aurkeztuko da gure herrian.
Ikuskizuna larunbat honetan, urriak 21, 17:00etan hasiko da Ermua Antzokian. Sarrerak salgai daude 4 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, egun berean, Ermua Antzokiko leihatilan.
Informazio gehiagorako, ikus ezazu ikuskizunaren webgunea.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean