Haurrentzako dibertsioa Marikixkur eta hiru hartzen eskutik
Marikixkur neskato bihurri eta alaia da, eta urre koloreko ile kizkurra du. Igande batean, gurasoekin haserretuko da bere egunerokoa irakurri dutela uste duelako. Horrela, gurasoen aginduak bete ordez, ihes egin eta basoan galduko da. Han, zuhaitz artean ezkutatuta dagoen hiru hartzen etxea topatuko du, eta bertan egun pasa geldituko da, bere etxea izango balitz bezala. Baina hiru hartzak euren etxera itzultzen direnean, etxea hankaz gora eta ezusteko gonbidatu bat topatuko dute.
Glu Glu Produkzioak ekoiztetxeak Marikixkur eta hiru hartzak XIX. mendeko ipuin klasikoaren antzerkirako egokitzapena aurkezten du. Ugaitz Alegria, Ylenia Baglietto, Andrea Covadonga eta Itxaso Quintanak osatzen dute Galder Perezek zuzendu eta idatzitako antzezlan honetako aktoreen zerrenda. Ikuskizun honetan, musika, dantza, umorea eta antzerki joko asko uztartzen dira ikus-entzule guztien gozamenerako.
60 minutu inguruko iraupena du antzezlanak, eta bertan, etxeko txikienek nahiz familia osoak norbanako bakoitzak intimitaterako duen eskubideaz eta elkarbizitzarekiko errespetuaz hausnarketa egingo dute.
Marikixkur eta hiru hartzak euskaraz antzeztuko da larunbat honetan, azaroak 25, eta 4 urtetik aurrerako neska-mutilei zuzenduta dago.
Antzezlana 17:00etan hasiko da Ermua Antzokian, eta sarrerak salgai daude jada 4 euroren truke Lobiano Kulturgunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean