Jai egunak ezaugarri dituen abenduko zine programazioa hastera goaz

29.11.17
Ermua Antzokia

Urteko azken hilabeteko zine-programazioa hastear dugu. Abenduko programazioan jaiak eragina izango dute, eguberri eta urteberri jaiak asteburuan izango baitira. Hori horrela, zine komertzialaren eta gaztetxoentzakoen saioak lehen hiru astetarako programatu ditugu. Horregatik 6 titulu komertzial besterik ez da izango. Aldiz, osteguneko zine-klubean ez da eraginik izango eta normaltasuna izango da nagusi. Esan bezala, zine-klubean lau titulu eskainiko ditugu eta gaztetxoentzako emanaldietan beste hiru, guztiak kalitatezkoak, esate-baterako ‘El pequeño vampiro’ edo euskarazko ‘Sagu eta Pagu’. Hilero egin bezala, jada, bonoa eskuragai dugu bai Lobianon eta baita Antzokiko takilan ere. Abenduan bonoak 12 euro balio ditu eta horri esker, filma komertzialak eta zineklubekoak 1,20 eurotan ikusi ahal izango ditugu.

Asteko saioei hasiera emango diegu zineklubarekin, kasu honetan azaroko azkenarekin. Hilabeteari agur esateko eta Emakumeenganako biolentziari aurre egiteko Nazioarteko eguna, azaroaren 25a, gertu dugunez, Bertha Gaztelumendi zuzendari euskaldunaren ‘Volar’ tituluko dokumentala ikusi ahal izango dugu, Lanak Emakunderen laguntza jaso du. Zinta Donostiako jaialdiaren azken edizioan estreinatu zen eta biolentziari aurre egin izan dioten 9 emakumeren testigantza jasotzen du. Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo da, filmean protagonistak diren emakume batzuk aretoan izango direlako.

Zine komertzialak Espainiako zinearen ukitu nabaria izango du, filma bien zuzendariak Isabel Coixet eta Jaume Balaguero zuzendari kataluniarrenak direlako. Azken lanak biek atzerrian eta ingelesez grabatu dituzte, nazioarteko aktoreekin lan eginez. Larunbat arratseko zazpi eta erdietan lehen aldiz ‘La Librería’ filma proiektatuko dugu, Emily Mortimerrek eta Bill Nighyk protagonista dituen epokako drama gozoa. Aurreko mendeko 50. hamarkadan emakume batek Britania Handiko eskualde bateko lehen liburu denda zabaltzen du. Laster presioak jasoko ditu, probokaziotzat jotzen zen ekimenean amore eman zezan. Filma zoragarri honi jarri dakiokeen adjektiboen artean polita eta iradokitzailea daude, liburu eta ezagutzaren omenaldi izan nahi duelarik. Igande gaueko 10etan eta astelehen iluntzeko zortzi eta erdietan ere ikusteko aukera izanen dugu.

Asteburuko bigarren proposamena Jaume Balaguerok sinatu duen ‘Musa’ titulukoa izango da. Zuzendari honen ardatz nagusia terrorea eta thrillerrak izan dira, askotan nazioartean errodatu dituenak estatu ezberdinetako aktoreekin. Honakoaren protagonistak Elliot Cowan, Franka Potente, Leonor Watling eta Christopher Lloyd dira. Filma thriller iradokitzailea da, fenomeno paranormaletako ukituekin, zale direnen gozamenerako. Samuel literaturako irakasle da, zeina neskalaguna hil zitzaionetik unibertsitatera joan ez dena. Gutxi balitz, emakume bat asasinatua den amesgaiztoa errepikatzen zaio behin eta berriz, lo egiten utzi gabe. Neska bat ezagutu eta gero, amesgaiztoa behin da berriz errepikatzen da, naturaz gain dagoen misterioaren aurrean dagoenaren susmoa izanik. Zorroztasunez egindako pelikula da, zuzendariaren ohiko perfekzioaz, terrorea eta misterioa maisuki uztartuz modu orekatuan. Balaguerok ez du kalerik egingo. Musa larunbat gaueko 10etan eta igande arratseko zazpi eta erdietan ikusi ahal izango dugu.

Azkenik, haur eta gaztetxoendako emanaldian, igandeko 5etan ‘Deep’ titulukoa ikusi ahal izango dugu. Marrazki bizidunen filma zoragarri espainiarra, etxeko txikienen gustuko izango dena. Abenturak eta ekologiaren aldeko aldarrikapenak bat egingo dute, urpeko abentura liluragarrian.

Argibide gehiagorako, ikus Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
26.11.25
‘Tanttaka'k bizitzaren zailtasunen inguruko endredozko komedia aurkeztuko Antzokian

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean