Dantza eta musika uztartzen dituen 'Maurizia' ikuskizuna dakar Ermura Aukeran konpainiak
‘Aukera DK’ Konpainia Ermuan izango dugu bihar dantza garaikide eta tradizionala uztartzen dituen ‘Maurizia’ izeneko ikuskizuna aurkezteko. Emanaldia Ermua Antzokiaren eszenatokian eskainiko da, gaueko hamarrak eta laurdenetatik aurrera. Sarrerek 10 euro balio dute eta, jada, aldez aurreko salmentan eros ditzakegu Kutxabank entitatearen webgunean, bere orotariko kutxazainetan, Lobiano Kulturgunean edo takilan emanaldia hasi baino lehenago. Ikuskizuna hirurogei minutuz luzatzen da. Antzezpena Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak zuzentzen du.
Maurizia benetako emakumea izan zen, panderojole aparta, kopla kantari zalea, bere garairako emakume aurreratu eta aintzindaria. Pertsonaiatik edan eta hura oinarri hartu du Aukera Dantza Konpainiak bere azken ikuskizun hau lantzeko. Maurizia ikuskizunaren abiapuntua izan da, baina emanaldiak ez du bere bizi-ibilbidea lantzen, garaiko emakume guztien omenaldi izan nahi duelako.
Lehen emakume panderojole arratiarra, plazaz plaza bere panderoa hartu eta bere ahots eta izaera boteretsua lau haizetara zabaldu zuena. Emakumeak bere baitan dituen alderdiak taularatzen ditu ikuskizunak: alderdi indartsua, ahula, aurpegirik gogorrena, xamurrena, alderik argiena, ilunena... Beti ere panderoa gidari izanik. Konpainiaren 20. urteurrena ospatzen den urte honetan, Edu Muruamendiarazek zuzendutako Aukeran Dantza Konpainiaren ikuskizunak emakume horiek guztiak omendu nahi ditu.
Lotutako albisteak
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean
Karteldegiaren erdian dira ‘The Mastermind' eta ‘Los domingos' estreinuak
Mar-Mar Teatrok taularatuko du larunbatean, arratsaldeko 5etan