‘En realidad nunca estuviste aquí’ eta ‘Nuestra vida en la Borgoña’ filmekin amaituko da 2017ko programazio komertziala

12.12.17
Ermua Antzokia

Ermua Antzokiko zine komertzialeko programazioa asteburu honetan amaituko da denboraldiko azkenengo bi filmen eskutik. Zineklub saioak, ordea, abenduaren 28ra arte mantenduko dira, eta aste honetan El amante doble pelikula frantziarraren txanda izango da. François Ozon zuzendariaren lana thriller dramatiko bikaina da, kalitatezkoa, izaera zailekiko obsesioa duena eta Ozonen pelikulek izan ohi duten erotismo puntua duena. Chloe bere psikoterapeutarekin maiteminduko den gazte hauskorra da. Batera bizitzen hasten direnean, bere bikotekidearen izaeraren zati batez jabetuko da Chloe, ordura arte ezagutzen ez zuena. El amante doble ostegunean 20:30ean eskainiko da azpititulatutako jatorrizko bertsioan.

Zine komertzialaren programazioari dagokionez, larunbatean hasiko da 19:30ean Cédric Klapisch zuzendariaren Nuestra vida en la Borgoña drama frantziarraren lehen emanaldiarekin. Senitartekoen arteko tirabiren eta lurraldeak pertsonen garapenean duen eraginaren inguruko kontaketa ederra da. Jeanek bere familia eta Borgoñako jaioterria atzean utzi zituen duela 10 urte, baina aita larriki gaixotuta dagoela jakiten duenean, bere herrira itzultzea erabakitzen du. Aita hiltzean, Jeanek urtebeteko epea izango du familiarekin dituen loturak berreskuratzeko. Nuestra vida en la Borgoña larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteburuko bigarren film komertziala (eta urteko azkena) En realidad nunca estuviste aquí thrillerra izango da, Lynne Ramsayk zuzendua. Joaquin Phoenix aktore bikaina du protagonista, eta Taxi Driver filmarekin konparatzen dituzten kritika zoragarriak jaso ditu pelikulak. Joe gerrako beterano zahar eta herabea da, eta sexu esplotazioa jasaten duten emakumeak salbatzen aritzen da. Estilotsua, konplexua, gogorra, azkarra eta zirraragarria, En realidad nunca estuviste aquí benetako zinea da. Filma larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Azkenik, igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera Sagu eta Pagu pelikula eskainiko da; balorez betetako abenturazko film dibertigarria, eta euskaraz, gainera, igande arratsalde entretenigarria pasatzeko.

Informazio gehiago behar izanez gero, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
10.02.26
Ermua Antzokiak drama bi, thrillerra eta euskarazko animazioa euskaraz proiektatuko ditu aste honetan

Zinema komertzialean ‘Si pudiera te daría una patada' eta Juanma Bajo Ulloaren ‘El mal’ ikusteko aukera izango
Imagen
05.02.26
Aukeran taldeak ‘Amama' ikuskizuna aurkeztuko du Ermua Antzokian

Larunbatean, 17:00etan, ipuin tradizionalak eta koreografiak uztartuz
Imagen
04.02.26
‘Puño Dragón' taldearen rock garratz eta ausarta Ermua Antzokian

Asturiarrek ostiralean joko dute, 20:30ean, ‘Juegos violentos' biraren baitan, bigarren diskoa aurkezteko