‘Clara y su sombra’ proiektuak, ikastetxez ikastetxe jarraitzen du
Benetan bizitako istorioen ipuinak proposatzen dira gai zailen inguruan mintzatu ahal izateko ipuin proposamena aste honetan San Pelayo Ikastetxera helduko
Errealitateak islatzen dituzten ipuinak da aurten Udal Liburutegiak ikastetxeei eskaintzen dien programetako bat. Ekimen honen helburua ipuin bat ezagutzara ematea da, izan dezakeen literatur kalitateaz gain, helduentzat ezerosoak edota gizartean tabu diren gaiak lantzeko ematen duen aukeragatik. Erakusketa baten bitartez burutuko da programa, eta bertan, ipuina modu aktiboan gozatzeko eta ikusi eta bizitakoari buruz mintzatzeko tartea izango da.
Ikasturte honetako ekintzen ardatza Elisenda Pascual idazlearen Clara y su sombra (Uranito, 2016) lanean oinarritutako erakusketa izango da. Martxoaren 27tik hasi eta ikasturtea amaitu arte, Ermuko Lehen Hezkuntzako hainbat ikastetxetan izango da. Horrela, ipuina ezagutzara eman eta irakurzaletasuna sustatu nahi da lanean agertzen diren atal ezberdinen bitartez; kasu honetan, sexu gehiegikeria ekiditea haurtzaroan.
Clara y su sombra lanak ipuin moduan erakusten du gaur egun hainbat eta hainbat umek bizi duten errealitate gogorra. Haurrenganako eraso sexualen gaia askotan osasunaren arloko profesionalen eta epaitegien eskuetara mugatzen da. Horren inguruan mintzatzea ezerosoa eta zaila da gustuko ez duena ezkutatzeko ohitura duen gizarte batean. Proiektu honek gaiari ikusgarritasuna eman nahi dio, eta errespetuzkoak eta osasungarriak ez diren egoerak agerian utziz, izena jartzen die amaitu daitezen.
Erakusketa ipuineko ilustrazioak egin dituen Mercé Serra Valls marrazkilariaren lana da. Lehenengo aldiz Ongarai Eskolan muntatu du erakusketa, liburutegiaren eta udal brigadaren laguntzarekin.
“Erakusketa ikastetxe bakoitzera iristen denean, formakuntza saioa eskainiko zaie irakasleei, gero, modu autonomoan, ikasleengana gerturatu eta gaia landu dezaten”, azaldu dute udal liburutegian. Carmen Escudero eta Luis Alfonso Magdaleno ermuarra, Garaitza elkarteko kideak (irabazi asmorik gabeko elkartea, EAEn Haurtzaroko Abusuak eta Tratu Txarrak tratatzeko asmoa duena) arduratuko dira formazio saioak eskaintzeaz. Kurtso horietan, erakusketara bisita nola egin azalduko zaie irakasleei, gero horri buruzko tertulia eta hizketaldia egin ahal izateko. Gainera, ipuinaren egileak landutako dokumentu pedagogiko bat eskainiko zaie, Garaitzarekin lankidetzan egokitu dena.
Gainera, haurrenganako sexu erasoak ekiditeko ipuin, pelikula eta errekurtsoen gida bat eratu da ikastetxeetan eta liburutegian bertan banatzeko. Adin tarteen arabera antolatuta daude materialak, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean eskuragarri daude.
Gaur arte 210 pertsonek (ikasleek eta irakasleek,) hartu dute parte ekimenean.
Ekimen honek jarraipena ematen dio iaz Anthony Browne idazlearen El túnel liburuan oinarrituta egin zen Tunela: zu eta ni erakusketari. Antzeko dinamika bat jarraituz, Ermuko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako irakasleek tertulia literarioaren inguruan ikasteko aukera izan zuten, eta beldurrak, genero rolak eta anai-arreben arteko harremanak bezalako gaiak lantzen ikasi zuten.
Lotutako albisteak

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean