George Clooneyren Suburbicon eta Paddington 2 euskaraz, asteburu honetan Ermua Antzokian

09.01.18
Ermua Antzokia

Ostegun honetan zine aste berri bati ekingo diogu Ermua Antzokian. Zineklub saioarekin hasiko da asteko programazioa, kritika bikainak jaso dituen Stephan Komandarev zuzendari bulgariarraren Destinos filmaren eskutik. Bulgarian egun bizi den egoera aztertzen duen drama da Destinos, eta horretarako gauez Sofian barrena ibiltzen diren taxi gidarien esperientziak jasotzen dira, baita gidari eta bidaiari arteko hizketaldi ahaztezinak ere. Umorea, kritika soziala, sarkasmoa, azkartasuna eta intentsitate emozionala uztartzen dira pelikula honetan, eta Bulgariako gauak filmeko pertsonai garrantzitsu eta harrigarri bihurtzen dira. Destinos ostegunean eskainiko da 20:30etik aurrera azpititulatutako jatorrizko bertsioan.

Zine komertzialari dagokionez, larunbatean 19:30ean Fe de etarras filmaren lehenengo emanaldia eskainiko da, Borja Cobeaga enfant terriblearen azkenengo komedia, hain zuzen. Pagafantas eta El Negociador pelikulen zuzendaria da Cobeaga, baina 8 apellidos vascos eta 8 apellidos catalanes filmen gidoilari gisa lortu du ospea gehienbat. Lan berri honetan, komando terrorista berezi eta aldrebes bat probintziako kapital xelebre bateko etxebizitza batean ezkutatzen da, aginduak jasotzeko zain. Bitartean, Hegoafrikako Munduko Futbol Txapelketak Espainiako selekzioak aurrera nola egiten duen ikusten pasatzen dute denbora. Javier Camara, Gorka Otxoa, Miren Ibarguren eta Ramon Barea dira Fe de etarras filmeko protagonistak, eta adimenez, garraztasunez eta zorroztasunez betetako komedia da. Pelikula larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteburuko bigarren film komertziala Suburbicon izango da, Matt Damon eta Julianne Moore protagonista dituen komedia beltz mardula, Coen anaiek idatzia eta George Clooneyk zuzendua. Suburbicon umore maltzurra gogoetarekin eta gizartearen analisiarekin uztartzen dituen pelikula da, itxura zoragarria izan arren, oinarri oso pobreak dituen gizartearena, hain zuzen. 50. hamarkadaren amaieran, hiriaren kanpoaldeko auzo aberatsak amerikarren bizimoduaren isla zehatza zirudien, baina bikote afroamerikar bat bertara iristean, giro lasai eta “ederra” bertan behera geldituko da. Suburbicon larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan zinearen munduko hartzik interesgarri eta dotoreena itzuliko da: Paddington. Britainiar familia berezi baten maitasuna irabazi ostean, inoiz baino umore eta ironia gehiagorekin dator hartza Paddington 2 pelikulan. Zinta euskaraz eskainiko da.

Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Ermua Antzokiaren orrialdea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan