Mozarten La Flauta Mágica operarekin hasiko da Ermua Antzokiko kultur denboraldi berria

10.01.18
Ermua Antzokia

Ermua Antzokia motorrak berotzen ari da jada kultur programazio berriari ekiteko. Ostiral honetan, urtarrilak 12, jarriko da martxan, eta urtero bezala, opera proiekzio batekin hasiko da programazioa. Aurtengo kasuan, Mozarten Txirula Magikoa lana izango da ikusgai.

Mozarten opera ospetsua modu xarmagarrian errealitate bihurtu da David McVicarren produkzio honetan, John MacFarlaneren eszenografia ederrarekin batera. Bertan,  Tamino printzeak zin egiten dio Gaueko Erreginari bere alaba Pamina Sarastro aztiaren eskuetatik salbatuko duela. Papageno ehiztariarekin batera hasiko du bilaketa printzeak, baina dena ez da uste duen bezalakoa izango... Ikus-entzuleek fantasiazko mundu batera egingo dute salto, dantzan egiten duten animaliaz, makina hegalariz eta izar liluragarriz beterikoa.

Londresko Royal Opera Housetik zuzenean eskainiko den lan honetan, seriotasuna eta komedia, biak ala biak uztartzen dira. Emanaldia ostiral honetan 20:30ean hasiko da, eta 190 minutu inguruko iraupena izango du. Gainera, atsedenaldi tarte bat egingo da, eta bertan ikus-entzule guztiek kaba kopa bat dastatzeko aukera izango dute, Distribuciones Arral 97 enpresaren eskutik.

Sarrerak salgai daude 8 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan