Hasi dira herriko haur parkeak eta jolasak berritzeko lanak

18.01.18
Abisuak eta matxurak

Ermuko haur parkeak berritzeko lanak hasi dira astearte honetan, urtarrilak 16, eta datozen asteetan San Pelaioko, Gizarte Zentroko, Goiko Plazako, Karabixako eta Errotabarriko parkeak obratan izango dira.

Lanak San Pelaioko parkean hasi dira; izan ere, gune horretako instalazioak estalita daude, eta horrek asko errazten du kautxuzko zoruak jartzea, egun lehorrak behar baitira ongi gelditu daitezen.

Aste honetan lurreko kautxua altxatzen ari dira langileak, eta hondakinak edukiontzi berezietan uzten, dagokien zabortegietara eraman ditzaten. Jarraian, jolasak ere kendu eta bota egingo dira, egoera onean daudenak izan ezik. Horiek beste gune batzuetan berrerabiliko dira, edo bestela ordezko pieza gisa gordeko dira.

Zeregin horiekin amaitzen denean, jolas berriak instalatuko dira, eta xafla metalikoen bitartez lotuko dira zorura. Modu horretara, ez da beharrezkoa izango lurrean zuloak egitea. Behin jolas berriak kokatzen direnean, segurtasunezko zorua ere instalatuko da.

Jolasak berrituko dituzten parke guztietan sistema berbera erabiliko da. Hori horrela, parkearen azpian garajeak dauden kasuetan, horiek ez dute arriskurik jasango, lehen erabiltzen ziren torloju erako loturekin gertatzen zen bezala.

Behin berrikuntza lan guztiak amaituta, eskumendun erakunde batek ziurtagiria emango die haur parke guztiei, segurtasun neurri guztiak betetzen dituztela dokumentatuta gelditu dadin.

Lanen hasiera datak eta iraupena eguraldiaren araberakoak dira, baina gainontzeko parkeetarako aurreikusitako kronologia honakoa da:

  • Gizarte Zentroa: urtarrilaren 25etik otsailaren 5era. Lanen iraupena 7-8 egunekoa izango dela aurreikusten da.
  • Goiko Plaza: otsailaren 5etik 14ra. 7 eguneko iraupena.
  • Karabixa: otsailaren 15etik 20ra. 3-4 eguneko iraupena.
  • Errotabarri: otsailaren 21etik 28ra. 6-7 eguneko iraupena.
  • Forjako parkea: jolasak jartzea erabakitzen bada, lanak martxoaren 5etik 9rako astean egingo lirateke.

Lotutako albisteak

Imagen
23.04.25
Odola emateko aukera izango dugu gaur

Autobusa Bizkaiko Etorbidean izango da bederatziak eta laurdenetatik ordu 2etara eta lau eta erdietatik iluntzeko bederatzietara bitartean
Imagen
03.04.25
Mankomunitateak ostiralera arte luzatu du txartelak Ermuan jasotzeko epea

Merkatu plaza zaharrean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara ordutegian
Imagen
15.11.24
Irisgarritasun-elementu mekanikoetan ditugu matxuren egoera

Zerbitzu-alorrak arrapala eta igogailuetan ditugun gorabeheren eta horiek konpontzeko aurreikusitako epeen berri eman du