'Asesinato en el Orient Express' eta 'Oro' film espainiarrak itxiko dute urtarrileko zine programazioa
Ermua Antzokiko urtarrileko azkenengo zine programazioa ostegun honetan hasiko da. Horrela, hileko azkenengo zineklub saioan Muchos hijos, un mono y un castillo zinta espainiar berezia izango da ikusgai, eta Gustavo Salmerón zuzendariak bere amaren asmoak eta nahiak kontatzen ditu bertan. Komedia ero honek istorio harrigarri bezain burugabea kontatzen du, eta Goya Sarietarako izendapena eskuratu du, dokumental onenaren atalean. Gainera, filmari esker, Julia Salmerón lehen mailako aurkikuntza bilakatu da, bere bizipen eroekin batera. Muchos hijos, un mono y un castillo ostegunean izango da ikusgai 20:30etik aurrera.
Zine komertziala larunbatean hasiko da 19:30etik aurrera Asesinato en el Orient Express superprodukzioaren lehenengo emanaldiarekin. Agatha Christie idazlearen eleberri ezagunaren moldaketa egin du Kenneth Branagh zuzendariak, eta aktore ospetsu ugari ageri dira bertan, besteak beste, Willem Dafoe, Judi Dench, Johnny Depp, Michelle Pfeiffer, Penélope Cruz eta Kenneth Branagh bera. Lan entretenigarria eta arina da, antzerki kutsua eta akziozko eszenak uztartzen dituena, eta irudi harrigarriak eta garaiko giropena ditu nagusi. Orient Express tren ezagunean izandako hilketa bat dela eta, Hercules Poirot detektibe azkarrak misterioa argitzeko dituen gaitasun guztiak jarri beharko ditu martxan. Asesinato en el Orient Express igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere izango da ikusgai.
Asteburuko bigarren zinta komertziala Oro izango da, Agustín Díaz Yanesek zuzendutako beste superprodukzio bat; kasu honetan, Arturo Pérez-Reverte idazlearen gidoi batean oinarrituta. Pelikula honetan ere aktore sorta bikaina topa daiteke, bertan agertzen baitira Raúl Arévalo, José Coronado, Bárbara Lennie, Óscar Jaenada, Juan José Ballesta eta Juan Diego. XVI. mendean, Lope de Aguirre eta Núñez de Balboa espainiar konkistatzaileak espedizio batean abiatuko dira El Dorado hiri mitikoa aurkitzeko asmotan. Atsekabea eta miseria ezkutatzen ez dituen Amerikaren konkistaren inguruko narrazio honek Goya sarietarako 6 izendapen jaso ditu. Oro larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan uneko animaziozko filmik onenetako bat eskainiko da: Ferdinand. Carlos Saldanhak zuzendutako zinta dibertigarri eta zintzo honek Ferdinand zezen bakezale, mantso eta melankoliatsuaren istorioa kontatzen du, akats baten ondorioz, Madrilgo zezenketetan parte hartzeko hautatzen dute eta. Zain duen etorkizun beltzetik ihes egitea lortuko ote du?
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan