Haurren Kontseiluak bere proposamenak aurkeztu dizkio alkateari

25.01.18
Consejo de la Infancia
Haurren Kontseilua
Hiri Hezitzailea
Hezkuntza
Erakundea

Haurren Kontseilua, 7-8 urteko 12 neska-mutilek osatzen duten Ermuko alkatetzaren aholkularitza organoa, laugarrenez bildu da ostegun honetan, urtarrilak 25.

Gaurko saioan, Orbe Kardinala plaza elkarbizitza gune bihurtzeko hobekuntza proposamenak aurkeztu dizkiote aholkulari txikiek Carlos Totorika alkateari, adin guztietako pertsonek gozatu ahal izateko gune bilakatu dadin.

Lau taldetan banatuta, Kontseiluko neska-mutilek banan-banan azaldu dituzte urriaren 20an lanean hasi zirenetik batu dituzten ideia guztiak. Proposamen gehienak haurrek euren kabuz bildu dituzte (esaterako, kolunpioak jartzea edota kioskoa apaintzea eta koloreztatzea), baina Ermuko bizilagunen iritziak ere jaso dituzte.

Carlos Totorika alkateak Haurren Kontseiluak aurkeztutako ideia eta proposamen guztiak kontuan hartu eta apuntatu egin ditu, umeek parte-hartze prozesuan zehar egindako lana eta jarritako gogoa positiboki baloratuz. Hemendik aurrera, Kontseilua udal teknikariekin eta arduradunekin bilduko da euren ideiak posible diren edo ez eta nola garatu daitezkeen ikusteko, guztien artean hiritarrentzat erakargarriagoa izango den Orbe Kardinala plaza eraikitzeko. Maiatzaren 24an, ikasturte amaierarekin bat, azkenengo bilera egingo dute alkatearekin, azken proiektua aurkezteko.

Elkarrizketak Radio Eibarren

Cadena Ser – Radio Eibar irrati kateko lankideak Haurren Kontseiluaren laugarren bilera honetan izan dira, eta aholkulari txikien proposamen guztiak adi-adi entzun dituzte. Aurkezpenen ostean, Juanma Cano kazetari ermuarrak Carlos Totorika alkatea zein Kontseiluko neska-mutil gehienak elkarrizketatzeko aukera izan du, parte hartzeko eta hitz egiteko prest agertu baitira. Txikiek erraztasun handiz azaldu diete esatariari orain arte egindako pausoak eta alkateari azaldutako proposamenak.

Elkarrizketak osorik jarraian uztaen dizuegun podcastean entzun daitezke:


Hiriaren eraldaketa haurren ikuspuntutik

Lehen Hezkuntzako ikastetxe ezberdinetako 9 neskato eta 3 mutikok osatzen dute Haurren Kontseilua, eta Carlos Totorika alkateak proposatutako erronkari erantzuna emateko lanetan aritzen dira: Orbe Kardinala plazako elkarbizitza hobetzea, alegia. Hori horrela, lan dinamika ezberdinak jorratzen dituzte udaletxean, eta gero herriko kaleetara joaten dira lanera.

Haurren Kontseilua osatzen duten 12 neska-mutilak boluntarioak dira, eta Ermuko hiritar gisa jokatzen dute; hau da, ez dira euren ikaskideen ordezkari lanetan aritzen. Taldea hilean behin elkartzen da urriaren 20an egin zuten lehen saiotik hasita. Hurrengo bilerak otsailaren 22an, martxoaren 22an, apirilaren 26an eta maiatzaren 24an izango dira.

Haurren ikuspuntutik hiria eraldatzeko asmoa duen proiektua da, hiria haurtzaroaren ikuspegitik landu eta eraldatu ahal izateko, hiritar guztiak kontuan izanda eta umeei parte-hartzeko aukera emanda. Gazteen ahotsa entzun eta ezagutzeko modurik zuzen eta esanguratsuenetakoa da eta, batez ere, politikari eta arduradunek aniztasunetik edan eta ikaste-aberaste prozesuan murgiltzeko aukera paregabea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.06.24
Azken txanpa Ermua TalenTIC 2024ko jardunaldientzat

Eguneko ardatz dira lurraldeari talentua erakartzeko politikak edo etorkizuna administrazioan
Imagen
12.06.24
Talentua garatu eta zaindu beharreko potentziala da

Gure DNAn modu naturalean izan dezakegu, edo lanarekin, iraunkortasunarekin eta hazteko interesarekin eskura dezakegu
Imagen
11.06.24
Betiondoko aparkaleku berria jada zabalik

148 plaza ditu, horietako bi minusbaliatuentzat. Jada ez dugu aparkatu bidearen erreian, zirkulazioa noranzko bikoitza berreskuratu duelako