16 pelikula berrik osatzen dute Ermua Antzokiko otsaileko zine programazioa

30.01.18
Ermua Antzokia

Ermua Antzokiak otsailerako zine programazio berria aurkeztu du, eta bertan biltzen dira adin eta gustu guztietarako pelikularik onenak. Hilabete motz honetan zehar eskainiko diren 16 film berrien artean uneko estreinaldirik garrantzitsuenetakoak daude, baita Oscar sarietara izendatutako lanak ere.

Ostegunetako zineklubak 4 saio izango ditu hil honetan; zine komertzialaren programazioak estreinako 8 pelikula eskainiko ditu; eta etxeko txikienek, aldiz, lau film dibertigarriz gozatzeko aukera izango dute.

Hilero bezala, zine bonoa eskuragai dugu Lobianon edo Antzokiko leihatilan bertan. Horri esker, helduentzako zine komertzialeko nahiz zineklubeko emanaldietara joan ahal izango dugu, film bakoitzaren truke 1,3 euro ordainduta. Otsaileko bonoak 15,6 euroko prezioa izango du.

Asteko zine programazioa ostegunean hasiko da, otsailak 1, Doris Dorrie zuzendari alemaniarraren Recuerdos desde Fukushima filmaren eskutik. Zuri-beltzean grabatutako pelikula eder honek belaunaldi eta kultura ezberdinetako bi emakumeren arteko laguntasuna nola sortzen den erakusten du. Marie gazte alemaniarra Fukushimara joango da GKE baten eskutik itsasoko lurrikara batek eragindako hondamendi nuklearraren ostean. Bere helburua laguntza eskaintzea eta, aldi berean, bere bizitza aldatzea da, eta Fukushiman kaltetutako gunetik alde egiteari uko egiten dion amona japoniar gogorra ezagutuko du. Umorea eta protagonisten lan bikaina dira nagusi Recuerdos desde Fukushima filmean, eta film delikatua izan arren, gozatzeko erraza da. Pelikula zineklub saioan eskainiko da ostegun honetan, 20:30etik aurrera, azpititulatutako jatorrizko bertsioan.

Zine komertziala larunbatean hasiko da 19:30etik aurrera ¡Que baje Dios y lo vea! komedia espainiar ero eta dibertigarriaren eskutik. Curro Velázquez eta El Langui zuzendarien lan honetan, porrot eginda dagoen monasterio baten bizirauteko azkenengo aukera agertzen da: Champions Clerum, elizgizonek osatutako futbol taldeen Europako txapelketa irabaztea. Film honen helburu bakarra ikus-entzuleei barrea eragitea da, eta ederki lortzen du bere xedea 95 minututan zehar. ¡Que baje Dios y lo vea! igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere ikusgai izango da.

Asteburuko bigarren film komertziala El gran showman izango da, Michael Graceyk zuzendutako musikal aparta, Hugh Jackman, Michelle Williams eta Zac Efron aktoreak protagonista dituena. Ikusgarria, erakargarria eta musika emanaldi izugarriz osatua, pelikula honetan Phineas Taylor Barnumen bizitza kontatzen da, “munduko ikuskizunik handiena” bezala ezaguna zen Ringling zirkuaren sortzailearena, alegia. Hasieratik amaierara gozatzeko moduko filma, zirkuaren mundua eta musikaren indarra uztartzen dituena: El gran showman larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera Sola en casa animaziozko pelikula eskainiko da. Chloe eta bere ama etxez aldatzera behartuak izango dira, eta Chloek berehala ikusiko du bere etxe berrian zerbait harrigarria gertatzen dela. Shreken ekoizleek sortu dute Sola en casa, eta dibertsioa eta abentura modu ederrean uztartzen ditu.

Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan