Bost hitzaldi eskainiko ditu Izarra Centrek autonomoaren hilabetearen barnean
Ermuko Udaleko Toki-Garapen alorrak Ermuko eta inguruko produkzio sistema eta enplegua bultzatzeko ekintza ekonomikoak antolatzen eta sustatzen ditu. Bide horretan, burutzen ari den ekintzetako bat Enpresa Kudeaketa ikastaroa da, 30 ordukoa, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen diru-laguntzak lortzea ahalbidetzen duena.
Orain, autonomoaren hilabetea ospatzeko, bost egunetan bost hitzaldi izango dira Izarra Centre eraikinean. Informazio pilulatxoak izango dira, gehienez ere bi ordukoak, eta egunerokotasuneko gaiak landuko dira modu praktiko eta aberasgarrian. Bereziki negozio ideiak dituzten pertsonei, autonomo txikiei eta Izarra Centren eta inguruan kokatutako enpresei zuzendutako hitzaldiak izango dira.
Saioak otsailaren 20tik 26ra izango dira Izarra Centreko laugarren solairuko D aretoan, eta urte askoko esperientzia duten enpresek nahiz eraikinean kokatuta dauden enpresa berriek gidatuko dituzte saioak. Izan ere, ekintzaile berriek euren esperientzia partekatzea oso aberasgarria izan daiteke autonomo gisa lan egiteko asmotan dauden pertsonentzat. Gainera, informazio saioak espazio egokiak izango dira beste pertsona ekintzaile eta autonomoak ezagutzeko eta komunitateak osatzeko.
Hitzaldiak honakoak izango dira:
- Otsailak 20: Autonomoen lege berria, ATC Torrealday Ermuaren eskutik. Arauaren aldaketak azalduko dira, 10:00etatik 12:00etara.
- Otsailak 21: DBLO, norentzat da eta zergatik dagokigu?, EUSKontultoriaren eskutik. Helburua pertsona autonomoek bezeroen datu-baseak kudeatzen ikastea da, eta adibide praktiko bat aurkeztuko da, 11:00etatik 12:00etara.
- Otsailak 22: Kooperatiben inguruko oinarrizko ezagutzak, Elkarlan eta Zuzenbide Kontuak enpresen eskutik. Hitzaldiaren xedea kooperatiben forma juridikoa eta oinarrizko xehetasunak ezagutzea da, eta bertatik bertara arrakasta kasu bat ezagutuko da, 10:00etatik 12:00etara.
- Otsailak 23: Markak ematen duen irudiaren beharra, zer nolako aztarna uzten dugu besteengan?, MIO Make It Own enpresaren eskutik. Gaur egun irudiak duen garrantzia azalduko da, begi-inpaktu indartsua lortzearen inguruan, 09:00etatik 11:00etara.
- Otsailak 26: Autonomoen betebehar administratiboak, bere egunerokotasuna, Urbina Solutionsen eskutik. Fakturak nola kudeatu azalduko da aplikazio oso erraz bati esker, pertsona autonomoen lana arindu ahal izateko. 09:00etatik 11:00etara.
Hitzaldi bakoitza independentea da, eta horietako edozeinetan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da 943 17 91 51 telefono zenbakira deituta edota dl@udalermua.net helbide elektronikora mezua bidalita.
Lotutako albisteak

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren