MUISU Fundazioaren eta ‘Euskelec’ Ibilgailu Elektrikoen Txapelketaren aurkezpena hartu du Izarra Centrek
MUISU Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Fundazio Teknologikoa jendaurrean aurkeztu da ostiral honetan, otsailak 16, Izarra Centre eraikinean. MUISU egoitza Ermuan duen Rebattery enpresa bizkaitarraren proiektua da, eta bere helburu nagusia mugikortasun jasangarria maila guztietan sustatzea da.
Benjamín Ballesteros MUISU fundazioko presidente eta Rebattery enpresako sortzaileak eta Carlos Totorika Ermuko alkateak aurkeztu dute ekitaldia leporaino bete den Izarra Centreko auditorioan. Bertan izan dira, era berean, EEE-EVEko (Energiaren Euskal Erakundea), Bizkaiko Foru Aldundiko, IHOBEko (Eusko Jaurlaritzaren ingurumen kudeaketarako sozietate publikoa), Innobasqueko, Mondragon Unibertsitateko, UPV-EHUko nahiz Aclimako hainbat kide.
Ballesterosen hitzetan, MUISUren sorrera “mugikortasunaren arloan proiektu garrantzitsuak egitera iristeko lehenengo pausoa” da, eta arazoak “gizartearekiko eragin positiboa izateko moduan” konpontzearen garrantzia azpimarratu du. Bestalde, Totorikak azaldu du egungo gizartearen erronkak gainditzeko ezinbestekoa dela lankidetza, eta “helize hirukoitzaren metodoa” aipatu du, enpresak, ezagutza eta instituzioak batzen dituena.
MUISU Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Fundazio Teknologikoa berrikuntza teknologikoaren bultzadan eta mugikortasun jasangarriaren esparruan lan egiten duten adituek osatzen dute. Mugikortasunaren eta teknologia berrien arteko harremana estutzea eta euren arteko oreka bultzatzea ditu fundazioak helburu.
Ibilgailu Elektrikoen Euskadiko Lehenengo Txapelketa
Jendaurrean MUISU Fundazioa aurkezteaz gain, ostiral honetako ekitaldian proiektu berri horren lehenengo egitasmoa azaldu da: ‘Euskelec’, Ibilgailu Elektrikoen Euskadiko Txapelketaren lehenengo edizioa. MUISUk antolatu duen lehiaketak Tknika Lanbide Heziketarako berrikuntza zentroaren, Torrot ibilgailu elektrikoak garatzen dituen enpresaren eta Euskadiko Automobilismo Federazioaren (EAF-FVA) laguntza izan du, eta EAEko Lanbide Heziketa zentroetako ikasleei zuzenduta dago.
Euskadin mota honetako txapelketa bat antolatzen den lehenengo aldia da, eta jada 11 zentrok eta 140 ikaslek izena eman dute. Euskelecen helburua ibilgailu elektriko bat diseinatzea eta eraikitzea da, eragile amankomun bat oinarritzat hartuta (motorra, motor kontrolagailua eta bateriak). Auto elektrikoen ezagutza teknikoa dela medio, talde lanean, sormenean eta esperimentazioan oinarritutako eredu pedagogikoa bultzatzea da helburua.
Gizartea energetikoki jasangarriagoa den bizimodu baterantz bideratzeko asmoarekin jaio da Euskelec Lehiaketa. Ingurumenaren aldeko ardura bultzatzea eta gizartearen alde guztiak (industria, enpresa mundua, biztanleria, hezkuntza) konpromiso horretan inplikatzeko asmoa du, gainera.
Txapelketa ekainean jokatuko da Gasteizen, eta bi ataletan banatuko da: batetik, ezaugarri teknikoak eta sormena hartuko dira aintzat (proiektuaren memoria, diseinua eta berrikuntza maila besteak beste); eta ondoren, ezaugarri dinamikoak izango dira aztergai proba ezberdinen bitartez, hala nola, slalom probak, azelerazio probak eta gehieneko balaztatze probak. Behin neurketa guztiak burututa, talde ezberdinek atal bakoitzean erakutsitako trebezia sarituko da.
Txapelketari begira motorrak berotzeko, marka ezberdinetako (BMW, Renault, Seat, Fiat eta Torrot) ibilgailuak izan dira ikusgai Izarra Centre eraikinaren aurrean.
Lotutako albisteak

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren